“Zinema zuzendari batek esan nahi duena adierazteko hitzak behar baditu, film hori ez da behar bezain ona izango; bera ez da benetako zinegile bat izango”

Fritz Lang

Bukatzear da Tabakaleran zinema eta kulturarekin lotutako eragileek atondutako lehen hiruhilekoaren egitaraua eta, Luis Buñuelen baimenarekin –gogoratu Nosferatu zikloa zinegile espainiarrari eskaintzen ari direla Donostia Kultura, Euskadiko Filmategia, Tabakalera bera, Elias Querejeta Zine Eskola eta Donostia Zinemaldia elkarlanean-, bada izen propio bat gainerakoengandik nabarmendu dena: Fritz Lang.

COVID-19 birusaren pandemiak eragin du horren epe laburrean bere bi maisulan ikusteko aukera edukitzea partekatutako pantaila egitasmoaren baitan: Der Müde Tod (1921) eta Frau im Mond (1929). Pantaila handian, eta begirada kritikoak motibatuta. Hori eskatzen baitzaio zentroari, ildo horren aldeko apustua egin baitu sortu zenetik. Estreinatu zutela ehun urte bete ditu aurten lehenak; bigarrena aldiz, Zinema eta Zientzia zikloaren baitan proiektatu dute, Javier Pérez de Azpeitia pianojolearen zuzeneko interpretazioarekin eta Ane Sarasola zientzialariaren aurkezpenarekin. Eta euskarazko azpitituluekin.

Zirkuitu komertzialetatik kanpo dauden filmak programatzen dituzte Tabakaleran, askoren ustez, interesik ez dituzten pelikula dira, aspergarriak, estetikoki eta narratiboki konbentzionalak ez direnak, garaikideak izan edota aspaldikoak, zuri-beltzean errodatuta egoteagatik edo zinema mutuaren garaikoak izateagatik askok kondenatu egiten dituztenak. Baina Tabakalerak eta eraikinean elkarlanean ari diren erakundeek badute erronka polit bat: nola erakarri aurreiritzi eta topikoetan babesten diren horiek? Noizbait pausua ematera animatuko balira auskalo denok gizarte moduan ere ez bagenuke hobera egingo. Zinemak, zinema onak, hori baitauka, gizartean eragiteko ahalmena. Bestela, galde egiozue artikulu honetan aztertuko dudan Fritz Langi. Unescok Munduko memoriaren Ikus-entzunezko Ondare izendatu zuen Austrian jaiotako zinegilearen Metropolis (1927) filma, izan ere, zientzia-fikzioaren aitzindari kontsideratzen den lan honi Alemaniako zinema mutuaren testigantza izateko ahalmena errekonozitu zioten. Gizateriaren historian garrantzitsuak diren materialak babestea du egitasmoak, eta Víctor Flemingen The Wizard of Oz (1939) zein Buñuelen Los olvidados (1950) ere badira ohoredun.

XX. mende hasierako kultur-panorama europarreko ikur handienetako bat da Metropolis filmeko zuzendaria, gaur egungo lengoaia zinematografiko klasikoaren garatzaile garrantzitsuenetakoa. 20ko hamarkadan, bi mundu gerren arteko garaian, hasi zen Lang zuzendari lanetan. Alemaniar espresionismoko partaide izan zen, hala egokitu zitzaion, eta mugimenduko ezaugarri karakteristiko guztiei errentagarritasuna ateratzen asmatu zuen. Aurretik arkitektura eta pintura ikasketak eginak zituen, eta diziplina horietan barneratutako jakintza guztia bideratu zuen bere sorkuntzetara.

Giza esentzia eta natura modu subjektiboan adierazteko errealitatea deformatzeari ekin zioten artista espresionistek arte diziplina guztietan, eta zinemari dagokioonez, Langek dekoratu erraldoien eraikuntzan eta horien erabilpenean agortu zituen indar guztiak, F.W. Murnau garaikideak ez bezala -Nosferatu (1922) eta Sunrise: A Song of Two Humans (1927) filmetako zuzendariak ingurune naturaletan errodatzea lehenetsi zuen-.

Metropolis da agian Langek dekoratuekin egin zuen lana hobeto irudikatzen duen pelikula, bere dimentsio arkitektonikoarekin egin zuen lanketa espresionistaren gailurra. Thea von Harbour emaztea izan zuen gidoilari (berak idatzitako eleberri batean oinarritu zen), eta beronen ideologia naziaren zantzuak hautematen badira ere, arlo bisualak duen indarrak —testu narratiboarekiko autonomoa izatera ere iristen dena— bilakatu zuen filma hilezkor. Izugarriak dira gidoilariak planteatutako mundu bikoitzaren (langileria klasearena batetik, lur-azpian, eta elitearena bestetik) eraikuntza futurista, eraikin erraldoiak, etorbideak, makineria, trenbidea…

Baina Tabakaleran ikusgai izan ditugun: Der Müde Tod eta Frau im Mond ere ez dira gutxiago. Lehenengoan, Heriotzaren Erreinua irudikatzeko Ekialde Hurbila Ramadan garaian, Veneziako inauteriak eta Txinatar Inperioa birsortu zituen. Das Cabinet des Dr. Caligari (R. Wrene, 1919) filmak bezala, honek ere panpina errusiarren egitura izango du, hau da, istorio bat kontatuko du non beste istorio ezberdinak ere sortuko diren: diligentzian doazen bi gazte maiteminduk bat-batean ezezagun misteriotsu bat elkartu zaiela ikusiko dute. Ibilgailua ostatu batean geldituko da eta ezezaguna mutil gaztearekin batera desagertuko da. Neska etsi-etsian hasiko da bere senargaiaren bila, eta heriotzak eraman duela jakingo duenean itzul diezaiola eskatuko dio. Heriotzak itzaltzear dauden hiru kandela erakutsiko dizkio, eta kandeletako bat piztuta mantentzea lortzen badu bakarrik berreskuratu ahal izango du senargaia. Kandela bakoitza bizitza bat izango da, Ekialde Hurbilean, Venezian eta Txinan bizi den pertsona batena, alegia.

Bigarrenean, zientzialari talde bat ilargira bidaltzeko aitzakiaz espaziontzi bat, hura aireratzeko estazio erraldoi bat eta ilargia bera birsortu zituen. Misioko kideek urrea aurkitu nahiko dute ilargian, eta harrigarria da Langek zer nolako zorroztasunez tratatu zituen kalkulu eta datu zientifikoak (hori bai, ilargian normaltasunez arnastu ahal izatearena zinegileak hartutako lizentzia txiki bat baino ez da). Gaur egun horren ohikoa dugun atzera kontua agentzia espazialek film honetan ikusi ostean barneratu zutela ere uste da.

Film luzeak dira hirurak, oso luzeak, eta argi ikus daiteke Giovanni Pastrone italiarraren Cabiria (1914) kolosalaren eragina. Are gehiago, bi zatitan germaniar mitologian ezagunak diren nibelungo izeneko izakien kondairei buruz eraikitako Die Nibelungen (1924) diptikoan. Baina batez ere, film ikusgarriak dira, Langek Alemanian zuzendu zituen lan guztiak bezala. 30eko hamarkadan, baina, zinema mutuaren garaia bukatutzat eman zuenean, dekoratu erraldoiak nolabait alboratu eta soinu-paisaia berritzaile baten diseinatzaile zorrotza bilakatu zen; eremuz kanpokoarekin eta argiaren tratamendu sistematikoarekin esperimentatzen hasi zen.

Fritz Lang da beharbada soinuaren muntaketari, eta muntaketari bere horretan, etekin handiena atera dion zinegilea. Zentzu horretan, M, Eine Stadt sucht einen Mörder (1931) filma mugarria da, ez soilik zuzendariaren filmografian, baizik eta zinemaren historian. 20ko hamarkadan perfekzionatzen joan zen baliabide estilistikoak garai berri honetan ere menperatuko zituela erakutsi zuen, eta aipatutako film hori da adibiderik garbiena:

Pelikularen hasieran, hiltzaile anonimo batek neskato bat hilko du, eta horretarako, Langek itzaletan baino ez du gizona erakutsiko, eremuz kanpo dagoenez ezingo dugu hura identifikatu, eta ikusten ez ditugu elementuek baldintzatuko dute egin genezakeen irakurketa. Bitartean, neskatoaren ama etxean egongo da, alabaren zain, eta minutuak aurrera joan baina neska etxean agertzen ez dela azpimarratzeko sukaldeko erlojuaren orratzek aterako duten soinua lehenetsiko du eraikitako soinu-paisaia klaustrofobiko eta larrigarrian. 1931n, urte gutxi ziren filmak sonorizatu zituztela, eta Langek aurretik inoiz egin ez zena egin zuen: soinua (baina baita espazioa eta argi-itzalak) maila narratiboan protagonista bilakatu, alegia. Izan ere, Langen irudiak eta soinua poliziaren eta gaizkile talde baten arteko paralelismoa egiteko erabili zituen filmean zehar.

Alderdi naziko Joseph Goebbels propaganda buruak UFA estudioen arduradun izateko eskaintza luzatu bazion ere, 33an ihes egin zuen austriarrak Alemaniatik Parisera, eta urte batzuk geroago AEBetan egonkortu zen. Bertan, 20ko eta 30eko hamarkadetan esperimentatutako lengoaia zinematografikoa noir generoaren oinarri gisa finkatu zuen, eta berak propio egindako krimen-filmek arrakasta izugarria izan zuten, nahiz eta hasiera batean B seriekoak kontsideratu zituzten: Fury (1936), You Only Live Once (1937), Man Hunt (1941), Hangmen Also Die! (1943), Ministry of Fear (1944), Scarlet Street (1945), House by the River (1950), The Big Heat (1953), Human Desire (1954)… Gaiaren inguruan Donostia Kulturak badu Nosferatu aldizkariaren argitalpen bat, Fritz Lang en América (47. alea) izenekoa, eta irekian irakur daitezke hura osatzen duten zenbait testu: América a través de un parche y un monóculo; Una tetralogía antinazi; América según Fritz Lang. Retrato de una crisis perpetua.

Ezagutu beharreko zuzendaria da, dudarik barik, Fritz Lang. Eta ahal izanez gero, pantaila handian disfrutatzekoa, lau paretako areto ilunean. Gure arazo eta kezkak ahaztu eta proiektoreak mihise zurian erreproduzitutako fantasiazko munduan barneratuta soilik disfruta ditzakegu zinegile austriarraren sorkuntza sentsolrialak. Esperientzia bere osotasunean bizitzeko aukera izan dugu Tabakaleran 2021. urte hasiera honetan, Lang gertutik ezagutzeko aukera, ehun urte pasa badira ere, XX. mendeko 20ko hamarkadako ikus-entzuleek izan zuten pribilegio berbera edukiz.