Asteburuan eman diote amaiera bi astez luzatu den Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren 18. edizioari, eta sari banaketa ekitaldian nabarmendu dituzte aurtengo proposamen berezi eta borobilenak. Jaialdiaren sari nagusia Nicol Ruiz Benavidesen La nave del olvido txiletarrarentzat izan da.
“Nabarmentzekoa da sari gehienak mezu positiboa, baikorra eta itxaropentsua duten filmek jaso dituztela”, adierazi du Paul Guillen jaialdiaren zuzendariak palmaresa ezagutu berritan. Atzo, martxoak 14, egin zuten amaiera ekitaldia Bilborock aretoan, hemezortzi film luze, gai ezberdinen inguruko sei ziklo, Sebastián Lifshitz zuzendariari eskainitako beste bat, aurkezpen berreziak eta industriari lotutako topaketak, besteak beste, bildu dituen festibal arrakastatsuaren hondarretan. Banatutako hamalau sarietatik 11, gainera, andrazkoek jaso dituzte.
Ekimenaren balorazio oso positiboa egin dute antolatzaileek, murrizketei aurre eginez, aurrez aurreko proiekzioei eutsi ahal izan dietelako eta ikusleen erantzuna “bikaina” izan delako, aretoak goraino bete baitituzte. Horrez gain, edukiak digitalki eskaintzeko aukerak emaitza onak eman dituela nabarmendu dute, eta datozen edizioetan esperientzia errepikatzeko prest azaldu dira, beti ere, presentzialtasuna lehenetsiz.
Sariei dagokienez, edizio honen garaile nagusia Nicol Ruiz Benavides txiletarraren La nave del olvido izan da, epaimahaiaren eta ikusleen iritziak kontuan hartuta banatzen duten Sari Nagusiaz gain, fikziozko filmei eskainitako FIK saileko garaikurra ere erdietsi baitu. “Pertsona nagusiek maitatzeko duten eskubidea aldarrikatzen du oso begirada berezi batetik, protagonisten interpretazio-indarra nabarmenduz”, adierazi du epaimahaiak. Sail berean lehiatu den Ray Yeung sortzaile hongkongdarraren Suk Suk filmak, halaber, aipamen berezia eskuratu du.
Dokumentalen atalari dagokionez, epaimahaiak Lia Hietalak eta Hannah Reinikainenek zuzendutako Alltid Amber (Always Amber) nerabezaroan kokatutako proposamena goraipatu du, eta sail horretako aipamen berezia Bruno Santamairaren Cosas que no hacemos film mexikarrarentzat izan da. Narratiba berriak eta proposamen esperimentalagoak biltzen dituen KRAK sailean, ostera, Tamar Shavgulidzeren Comets georgiarra suertatu da garaile, “saileko film interesgarri eta arriskutsuena”, eta Ekaterine Kalatozishvilik Euskal Aktoreen Batasunak emandako antzezle onenaren garaikurra lortu du film horretan egindako lanagatik. Batasunak banatutako interpretazio protagonista onenaren saria, aldiz, Leonie Krippendorff emakumezko aktore alemaniarrarentzat izan da, Kokon filmen egindako lanagatik
Lesbianismo eta Genero epaimahaiaren saria, bestetik, Mathilde Capone zinemagile kanadarraren La fabrique du consentement: regards lesbo-queer dokumentalak eskuratu du, eta epaimahai beraren aipamen berezia Bernadette Kolonko sortzaile alemaniarraren Deine schöne Gestalt (Beautiful you) lanak. Aniztasun eta Giza Eskubideen Saria, berriz, Patricia Vidal Delgadoren La leyenda negra ekoizpenak bereganatu du.
Film laburren atalean, Pati Cruzen La amante komediak jaso du Ikusleen saria, eta Senior Epaimahaiaren eta Gazte Epaimahaiaren garaikurrak Manuel Marmierrek zuzendutako Les saints de kiko proposamenak lortu ditu. Aurten, azkenik, garapen bidean dauden proiektuak nabarmentzeko ZG PRO saria banatu dute aurrenekoz, eta Cecilia Montagut argentinarraren Las chicas del polígono egitasmoak erdietsi du.
Igaro berri den jaialdiaren gaineko informazioa ezagutzeko, sartu Zinegoak festibalaren atarian.