Maddi Barber, Nagore Eceiza eta Clara Rus izango dira NOKA Mentoring programaren hirugarren edizioko zinemagile egoiliarrak. Hautatutako hiru proiektuek ospe handiko profesionalen laguntza eta aholkularitza izango dute 2021ean zehar.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Tabakalerak Noka Mentoring programaren deialdiaren ebazpena iragarri berri dute. Euskal emakume zinemagileei zuzendutako ekimena da, eta zinemaren sektorean duten presentzia eta ikusgarritasuna sustatzea du helburu. 35 proiektu aurkeztu dira aurten, 2020an baino % 52 gehiago.

Noka Mentoring Eusko Jaurlaritzak sustatutako programa bat da, Euskadiko eta Nafarroako emakume zinemagileei zuzendua, sortzen ari diren film luzeen proiektuak tutorizatu eta laguntzeko. Hirugarren edizio honetan, Tabakalerak bere gain hartu du proiektuaren antolaketa, eta zinemaren eta ikus-entzunezkoen arloko garapen-programetan zein Donostiako Zinemaldiarekin (SSIFF), Euskadiko Filmategiarekin eta Elias Querejeta Zine Eskolarekin (EQZE) batera parte hartzen duen sare instituzional eta profesionalean integratu du.

Noka Mentoringek Clara Rus, Maddi Barber eta Nagore Eceiza hautatutako hiru zuzendariei denbora, espazioa, testuingurua eta laguntasun profesionala eskainiko dizkie beren filmen lehen fasean, bai eta zuzendaritzari buruzko dosier bat egiteko unean ere, parte-hartzaileek zinemagintzaren arloko beste laguntza batzuk –bai Eusko Jaurlaritzarenak, ICAAkoak (Kultura Ministerioaren Zinema eta Ikus-entzunezkoen Institutua), bai nazioarteko zinema-industriako foro profesionalenak– eskuratu eskuratzeko prestakuntza eta baliabide nahikoak izan ditzaten.

Nazioarteko tutoretzak

Prozesu osoan hiru tutorek parte hartuko dute, Mar Coll, Celia Rico eta Diana Toucedo, eta hautatutako hiru proiektuen jarraipena egingo dute. Hala, Claros del bosque proiektua garatuko du Maddi Barber lakabearrak;  Nagore Eceizak If you wish to make an apple pie lanarekin jardungo du; eta Clara Rusek Las tablas izenekoa. Mentoringak bi alderdi izango ditu ardatz: batetik, film bat garatzeko prozesu horren sormena garatzea, eta, bestetik, proiektu horiek zinemaren merkatuan eta industrian txertatzeko eta trebatzeko beharrezkoak diren modulu, bide eta tresnekin trebatzea. Hautatutako hiru zuzendariek 4.000 euroko laguntza ekonomikoa jasoko dute, halaber, Noka Mentoringek eskainitako programan parte hartzeko eta proiektuak ahalik eta baldintza onenetan garatzeko.

Hautaketa batzordea honako hauek osatu dute: Maialen Beloki Donostia Zinemaldiaren (SSIFF) ordezkari gisa; Carlos Muguiro EQZEko zuzendaria eta Lur Olaizola Tabakalerako zinema eta ikus-entzunezkoen arloko koordinatzailea.

Tabakalera, zinema-ekosistema

Aukeratutako zuzendariek Tabakalerako ekosistemaren lan partekatuaren sistema integratu eta baliatu ahal izango dute, sortzen ari den talentu zinematografikoaren alde egiten baitu. Horrenbestez, aukeratutako hiru zuzendariek doan izango dute Tabakalerako pantaila partekatuko programazioko zinema-saio guztietarako sarrera programak irauten duen bitartean. Halaber, EQZEko zuzendaritza akademikoarekin bilduko dira, beren proiektuen eta eskolako egutegien arabera, Noka Mentoring prozesuaren hilabeteetan zine eskolan egingo diren tailer eta eskoletako batzuetara gonbidatutako ikasle gisa joateko aukera aztertzeko.

Horrekin batera, industriako akreditazio profesional bat izango dute Donostia Zinemaldiaren 2021eko ediziorako, eta, beraz, Jaialdira eta haren industria-arlora joan ahal izateko esperientzia hori prestakuntza- eta laguntza-jarduera gisa txertatuko da programan.