Laburbira Euskarazko Film Laburren Zirkuituaren XVIII. ediziora lanak aurkezteko epea otsailaren 4an itxi zuten, eta zortzi izan dira aurtengo biran parte hartzeko aukeratutako lanak. Orain, aldiz, apirilaren 26tik maiatzaren 30era luzatuko den film laburren emanaldi bira antolatzeko deia zabaldu dute antolatzaileek, kultur harrobia hauspotzeko guneak lotze aldera.
Zortzi dira aurtengo Laburbira zirkuituan eskainiko dituzten proposamenak, 2019-2020 bitartean ekoitzitako euskarazko film laburrak. Tartean dira Zinebi eta Mendi Film jaialdietan lehiatutako hainbat, hala nola, Ruben Cresporen Aterpean; Imanol G. Gurrutxagaren Nigandik; eta Ximun Fuchs, Eñaut Castagnet eta Manex Fuchsen Nire eguneroko maitea. Haiekin batera aukeratu dituzte Ilune Diaz Pollacinoren Game Over; Ekhiñe Aizkorbe, Sara Alonso, Irati Egibar, Julene Etxauri, Xabier Vallina eta Irene Zalduaren Ilunabarrean esan; Andoni Martinez de Madinaren Babarrun Txapelketa; Aitor Arruti Agirreurretaren Datsegit; eta Spookypheria Productionsen Agur.
Bada, horiek herriz herri aurkezteko bira apirilaren 26tik maiatzaren 30era egingo dute Euskal Herriko zein atzerriko aretoetan, eta elkarteek emanaldiak antolatzeko izena eman dezakete martxoaren 18ra arte. Horretarako, izen-emate fitxa bete besterik ez da egin behar, emanaldia non eta noiz egin nahi duten zehaztuta. Hala, sortzaile hasiberrien zein profesionalizatzeko bidean direnen proposamenak zabaltzen lagunduko dute, euskarazko sorkuntza hauspotzen eta ikus-entzunezko lanen hedapena babesten duten bitartean.
Baldintzak ezagutzeko eta zirkuituan izen emateko, sartu Laburbiraren webgunean.