Martxoaren 17an eta 18an, asteazkena eta osteguna, egingo dute HUHEZINEMA Film Laburren Jaialdiaren 14. edizio hibridoa Aretxabaletako Arkupe aretoan eta Twitch streming plataforman. Bi sailetan banatuta, 21 film labur proiektatuko dituzte, eta horrez gain, Binahi Kasting Agentziak eta IXA serie aplikazioaren arduradunek master klase bana eskainiko dute.
Iazko online edizio bereziaren ostean, gogotsu ibili da HUHEZINEMA jaialdiaren antolaketa talde berria aurtengo edizioaren prestaketa-lanetan. Osasun krisia tarteko, formatu hibridoa izango du ekimenak, eta programazio osoa aurrez aurre eskainiko duten arren, Twitch plataformaren bidez zuzenean jarraitzeko aukera ere izango da, jaialdiaren kontuaren bidez. Erika Olaizola, Arantza Santesteban, Aizpea Goenaga eta Irati Crespo zinemagileek osatuko dute aurtengo epaimahaia, eta orotara hamar sari banatuko dituzte parte hartzaileen artean. Sari banaketa ekitaldia, hain zuzen, hilaren 18an egingo dute, 19:00etatik 20:00etara, baina horren aurretik, noski, jaialdiaz beraz gozatzeko aukera izango da.
Asteazkenean, martxoak 17, Binahi Kasting Agentziak eskainitako master klaseak zabalduko du egitaraua, 10:00etatik 13:00etara. Bikozketa eta kasting zuzendaritzari buruzko oinarrizko ezagutzak partekatuko dituzte bertaratuekin. Arratsaldeko saioan, aldiz, MU Saileko film laburren emanaldiak egingo dituzte bi txandatan, 15:00etatik 16:30era eta 17:00etatik 18:30era. Lehen tartea hasi aurretik, gainera, iaz MU saileko Argazki Onenaren garaikurra eskuratu zuen Begia Begi Truk film laburraren egileek hitzaldi bat eskainiko dute.
Osteguneko goizeko master klasea, ostera, IXA serie aplikazioaren arduradunek eskainiko dute. Haien websail berritzailearen garapen prozesuaz mintzatuko dira, erabilitako teknikan eta formatu bertikalaren nondik norakoen inguruan xehetasunak emanez. Arratsaldean, 15:00etatik 18:30era, Sail Ofizialeko film laburrak proiektatuko dituzte, eta horren ostean egingo dute sari banaketa.
Jaialdiaren inguruko informazio gehiago HUHEZINEMAren atarian topatuko duzue.