Animation Production Days (APD) izeneko animaziozko proiektuen Stuttgarteko (Alemania) azoka generoko proiektuentzako zita garrantzitsua da, film, telesail, bideojoko zein transmedia proiektuetako ekoizle, banatzaile, inbertsore, streaming plataformetako ordezkari zein koproduktoreen topagune izanik, aurrez aurreko bilerak egiteko eta ikus-entzunezkoak garatzeko bitartekoak bilatzeko abagunea eskaintzen baitu. Ekimenaren 15. edizioa maiatzaren 4tik 7ra egingo dute, eta Lotura Films ekoiztetxearen Kima & Amik bertan aurkezteko hautatu dute.

Txinatik, Frantziatik, Alemaniatik, Kroaziatik, Espainiatik, Kenyatik, Errumaniatik, Danimarkatik, Austriatik eta beste hainbat herrialdetatik jasotako 44 proiektu hautatu ditu APD azokak maiatzean egingo duten ekitaldian parte hartzeko. Jaialdiaren izaera oraindik erabat zehazteke dago, Covid19-aren pandemiaren eraginez, guztiz online ala modu hibrido batean egiteko asmoa iragarri duten arren. Datak, ordea, zehaztu dituzte: maiatzaren 4tik 7ra, asteartetik ostiralera. Ekimena hainbat ataletan banatuta dago, eta azokaz gain, hitzaldiak, talentu berrientzako programa eta orotariko aurkezpenak egin ohi dituzte; aurtengo egoerak, baina, horietako zenbait bertan behera uztera behartu ditu antolatzaileak.

Aukeratutako proposamenen artean dago, bada, Juanjo Elordik zuzendutako eta Lotura Filmsek ekoitzitako Kima & Amik proiektua. Hamabi minutuko 26 kapituluz osatutako proposamena da, eta telesailaren protagonistak bi neska-mutiko dira. APD azokan koproduktore, banatzaile zein sektoreko bestelako eragileekin banakako online bilerak izateko aukera edukiko dute.

Gartxot, konkista aitzineko konkista (2011) filma eta Yoko eta lagunak (2015) telesaila bezalako lan arrakastatsuak zuzendu eta ekoitzi ditu Elordik Somuga ekoiztetxearekin, eta Juanba Berasategi zinemagileak 1992an sortu zuen Lotura Films euskal animazioaren historiako harribitxi ugariren atzean dago, hala nola, Fernando Amezketarra, Txirrita eta Lazkao Txiki bertsolariei buruzko telesailak, Kalabaza tripontzia (1986) eta Karramarro uhartea (2000) klasikoak, eta berriki estreinatu diren Nur eta herensugearen tenplua (2017) eta Lur eta Amets (2020) filmak.