BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren testuinguruan, Walk On Project Fundazioak 2008az geroztik ematen duen izen bereko saria Sebastián Álvaro kazetari eta abenturazale madrildarrak jasoko du 2021eko abenduan, hilaren 3tik 12ra egingo duten festibalaren 14. edizioan, alpinismoaren balio sozialen defentsa eta transmisioan eginiko lanaren aitortzan.

Baltistan Funadazioak (2020), Nieves Meroi eta Romano Benetek (2019), Juanjo San Sebastianek (20218), Peter Habelerek (2017), Sir Chris Boningtonek (2016), Josep Manuel Angladak (2015) eta Jeremy Collinsen Drawn filmak (2014) jaso dute orain arte WOP Fundazioak alpinismoaren balioak sustatzen dituzten kirolari zein proiektuak nabarmentzeko emaniko sari homonimoa.

Bada, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren antolatzaileak 2021eko ekitaldiaren prestaketa lanekin hasi dira jada, eta 14. edizioaren datak iragartzearekin batera, WOP saria Sebastián Álvarori eskainiko diotela adierazi dute. “Ohore bat da guretzat sari honekin Sebastian Alvaro ‘Sebas’ aintzatestea, besteak beste, ahaleginaren balioak, oztopoak eta mugak gainditzea, konpromisoa, elkartasuna, benetakotasuna, eta taldearen balioa defendatzeagatik, eta ametsen bilaketa nekaezinagatik”, nabarmendu du Mikel Renteria WOPen zuzendari nagusiak.

Kazetaria, errealizadorea eta alpinista da, eta Al filo de lo Imposible telebista saio ezagunaren sortzaile eta zuzendaria. Dokumental sail horrek abenturaren eta alpinismoaren ikuskera aldatu zuen Espainian, eta hainbat hamarkadatan, taldekideak lagun, lekurik eder, ezkutu eta esploratu gabekoenetako batzuk ezagutu eta erakutsi zituen. 200 espedizio, 300 dokumental baino gehiago… Álvarok balio hezitzaileak nabarmendu izan ditu mendizaletasunetik eta esploraziotik abiatuta, hala nola, ahalegina, erronkak gainditzea eta talde-lana.

Gainera, mendizaletasunari buruzko ia 20 liburu idatzi ditu azken 40 urteetan, eta alpinismoari lotutako balioen dibulgatzaile nagusietako bat. Maisuki kontatutako abentura horiek inspirazio iturri ere izan dira, ingurunearekin konprometitutako begirada ahaztu gabe. Sariaren inguruko xehetasunak Mendi Film jaialdiaren atarian topatuko dituzue.