Zuzendaria: Iratxe Fresneda
Urtea:
2018
Herrialdea: Euskal Herria

-Ilusionismoan sinisten jarraitzea nahiago dutenentzat-

Etxetik urrunegi aldendu ezin garen honetan, bidaiatzeko gonbita ezin hobea jaso dugu Argia aldizkariko ikus-entzunezko gordailuari esker. Bada, Iratxe Fresnedaren eskutik, haren begietatik, nora eta lurralde hotzenetara bidaia egiteko aukera profitatzea erabaki dut nik aste honetan.

Aragoiko hauts horizta eta paramo idorretatik, Finlandiako paisaia izoztuen itxurazko gelditasunera. Gero eta Iparralderago, orduan eta sakonago. Lurralde Hotzak (2018) ezagunaren eta ezustekoaren artean jolasean dabilen ez-fikziozko roadmovie berezia da, munduaren mugimendua, bizitza bera, enkoadrearen angelu zorroztuetan harrapatzeko grinaz sortzen dena. Erleen dantza, hildakoak, memoria, naturaren handitasuna, turistaren begiaren neurrira berreraikia izan den Berlin, Lars von Trier kuttunaren Danimarka… horiek denek, baita gehiagok ere, haien tokia izango dute irudien, zinemagintzaren eta bizitzaren inguruan hausnartzen duen obra mardulean.

Narratzailearen off ahots lausengarriak aurkeztuta presente egongo da Theo Angelopoulos, Victor Erice edo Abbas Kiarostami bezalakoen oihartzuna. Baina ez horiek bakarrik. Fresnedaren lenteak Eulalia Abaitua, Dorothea Lange edo Begoña Vicario bezalakoak ere erakartzen ditu, sorginkeria hutsa dirudien munduaren eta kameraren arteko ezkontza xarmant honetan.

“Garrantzitsuena ez da irudiek erakusten dutena, ezkutatzen dutena baizik” diosku off ahotsak. Geroago, leiho batean ikusi dezakegu islatua zinemagilearen silueta, hala moduzko autorretratua, haizeak edozein istantean ezaba dezakeen itzal bat kasik.

Hala, irudi mugikorren ilusio ederrarekin amaitzen du Fresnedak, jardute zinematografikoa goitik bera zabaldu eta bere tripak erakutsiz. Aztikeria apurtzen du, trikimailu guztiak ezagutarazi, ametsezko munduaren iruzurra desestali. Izan ere, bidaiaren irudiak ikusteaz haraindi, Lurralde Hotzak ikusia izateko ariketa ere bada; bisorearen atzean, eremuz kanpo, zein pantailaz bestalde zer dagoen hausnartzeko parada eskaintzen duen saiakera.

Ezaguna den hori desnaturalizatzean edo munduaren bilakaeraren bat-batekotasuna erregistratzerakoan, gezur honen guztiaren edertasuna beti izango da ukaezina. Bide horretantxe harrapatzen gaitu zintaren amaierak, margolan abstraktuen antza hartzen duten Finlandiako paisaia sublimeetan barrena. Pantaila beltzak filmeko azken irudia irensten duen ahala, errealitatez eta ilusioz osatutako bidaiari agur esan eta, nolabait, horrek bizitzara hurbildu gaituela sinestea baino ez zaigu geratzen. Zer dago, bada, bizitza bera baino ederragoa?

Fresnedak berak nora eza aldarrikatzen duenez gero, zaila da zenbait unetan filmak nora zaraman ebaztea. Era berean,vdarabilen erritmo motela ere gehiegizkoa gerta daiteke, irudi txundigarriek eta gogoeta sakonek justifikatzen badute ere. Pazientziaz bizi beharreko bidaia dugu hauxe eta, harrezkero, Fresnedak bere egiten dituen Rut Hillarp poeta eta zinemagilearen hitzak ezin hobe doitzen zaizkio: “gosearen antzera itxaronaldia sortzailea da eta gure irudimena zorrozten du”

Irrintziaren Oihartzunak (2016), Mirentxu Loyarte zuzendariaren erretratuaren, eta Lurralde Hotzak, roadmovie ikusgarriaren atzetik etorriko da Tetuan izeneko dokumentala, bizkaitarraren hirugarren lan luzea izango dena. Azken hau sortzeko crowdfounding-a abiatu eta gero, 2021ean hasiko da grabaketa prozesua eta 2022rako amaitua egotea aurreikusten da.

+1