Gaur, asteartea, hilak 9, Iciar Bollainek zuzendutako Maixabel filmaren hainbat pasarte errodatuko dituzte Donostiako Gros auzoan. 09:30etik 19:00era bitartean, kale mozketak eta trafiko aldaketak izango direla iragarri dute udal arduradunek.
ETAk eraildako Juan Maria Jauregi politikari sozialistaren alargun Maixabel Lasari buruzko proiektua du eskuartean Icíar Bollaín zinemagile, gidoilari eta aktore madrildarrak. Iragan otsailaren 8an hasi zuten errodajea, eta Blanca Portillo eta Luis Tosar aktore espainiarrek gorpuztuko dituzte pertsonaia nagusiak.
“Guztiok merezi dugu bigarren aukera bat” hitzekin eseri zen Maixabel Lasa 11 urte lehenago Juan Maria Jauregi senarra hil zuen eta Nanclares de la Ocan preso zegoela biltzeko eskatu zion gizonarekin. Gertaera horietatik abiatu da Bolláin Isa Camporekin batera idatzitako gidoiari forma eman eta ikus-entzunezko bilakatzeko. Izan ere, haren hitzetan, aski ezaguna da Lasak, Eusko Jaurlaritzaren Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Bulegoaren zuzendari gisa, erailketaren ondorengo urteetan egindako lana; ez horrenbeste, elkarrizketa horietan bizi izandakoa, eta topaketa haietan jarri nahi izan du fokua. “Maixabelek egindakoak badu zerbait sakonki gizatiarra: jasandako mina ikusarazteko eseri zen senarraren hiltzaileetako batekin, eta hark soilik erantzun zitzakeen galderak egin zizkion, damutzen zela entzuteko eta haren hitzak zintzoak ziren ala ez ebazteko”, nabarmendu du Bollaínek.
Bada, errodajeak aurrera, Donostiako Gros auzoan egingo dituzte gaur hainbat hartualdi. Kolon Pasealekua itxiko dute, Berminghan eta Galtzara Nagusiaren arteko zatian. Zehazki, Kolon Pasealekurako sarrera itxiko dute Berminghan kaletik (buelta eman edo Zabaleta kalerantz jo beharko dute ibilgailuek) eta Zurriola etorbidetik (bi sarbideetatik eta bi noranzkoetan). 09:30ean hasi eta 19:00ak arte, trafiko aldaketak izango dira inguru horretan. Gainera, hainbat aparkaleku kenduko dituzte Kolon Pasealekuan eta aldameneko kaleetan, 07:00etatik 20:00etara artean.
Halaber, martxoaren 16an ere Zabaleta kalean arituko direla iragarri dute. Orduan, baina, itxiera partziala eta txandakakoa egingo dute ibilgailu zein oinezkoentzat. Gipuzkoako eta Arabako beste hainbat lokalizaziotan ibiliko dira ere datozen asteetan.
Kowalski Films eta FeelGood ekoiztetxeen arteko elkarlanean hartu dute parte RTVE, EiTB eta Movistar+-ek, eta ICAAren, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes ekonomikoa jaso ditu egitasmoak. Talde teknikoan, halaber, izen handiak ageri dira, hala nola, Alberto Iglesias musikagilea, Javier Agirre argazki zuzendaria, Mikel Serrano arte zuzendaria, Alazne Ameztoy soinu arduraduna, Clara Bilbao jantziteria arduraduna, Karmele Soler makillatzailea, Sergio Perez ile-apainketa arduraduna eta Nacho Ruiz Capillas muntatzailea.
Pertsonaia nagusien paperak, ostera, Blanca Portillo eta Luis Tosar aktore laudatuek egingo dituzte, eta aktore taldean izango dira María Cerezuela eta Urko Olazabal, besteak beste.