Gasteizeko Sorginenea elkarteak hiriko emakume, lesbiana eta transen babesleku izateko borondatea du, eta Udalarekin elkarlanean, Jabetze Feministarako Eskola jarduera sorta antolatzen du 2011z geroztik. Emakumeen eta LGTBI lagunen eskubideak aldarrikatzeko asmoz, 10. ekitaldia gauzatzen ari dira irailetik, eta maiatzera bitarte, ikus-entzunezko jarduerei lotuta, hiru saio egingo dituzte.

Iragan irailean abiatu zuten Jabetze Feministarako Eskolaren 2020-2021 denboraldiari lotutako jardueren egutegia, eta aste honetan, martxoak 11, Queen Lear filmaren emanaldia egingo dute 3ren artean zineforumaren bidez. Florida zineman, 18:15etik aurrera, eskainiko dute Pelin Esmer zinemagile turkiarraren 2019ko proposamena; Turkia hegoaldeko mendigunetik etorritako emakumezko nekazari talde baten ibilbidea jarraituko du bertan,, Shakespeareren King Lear antzezlan klasikoa prestatzeko lanen karietara.

2011n Gizartean eragina izan dezaten, emakumeei zuzendutako ikastaro eta lantegiak izenburupean sortu zuten egitaraua, eta egun orotariko jarduerak eskaintzen dituzte, hala nola, hitzaldiak, ikuskizunak, film labur zein dokumentalen emanaldiak, irakurle-klubak, ikastaroak, lantegiak eta haur zein gazteentzako tailerrak #FeminismoanItzel atalean. Ikasturtea abiatu zenetik, Zauria(k). Eromena, gorputza eta feminismoa (Maier Irigoien Ulaiar, Isabel Sáez Perez eta Iker Oiz Elgorriaga, 2020) proiektua, Delphine et Carole, insoumuses (Callisto McNulty, 2019) dokumental frantziarra eta Romipen (Helena Bayona, 2019) andrazko ijitoen aniztasunaren inguruko dokumentala eskaini dituzte ikus-entzunezkoei dagokienean, eta haien ostean solasaldiak zein zinemagileekin elkarrizketak egin dituzte.

Maiatzaren 18an, ostera, Victor XX film laburra eskainiko dute 19:00etan, eta Ian de la Rosa zuzendari eta gidoilariarekin solasaldia egingo dute ostean. Generoarekin jolastea gustatzen zaion Victor da filmeko protagonista, Almeriako arrantzale-herri txiki batean bizi den gaztea.

Eta eskolaren urteko azken zineforuma maiatzaren 20an egingo dute. Xavier Dolan zinemagile kanadarraren Matthias and Maxime (2019) arrakastatsua izango da ikusgai orduan. Haurtzaroko bi lagunek beren egiazko sexu-gustuen inguruan egingo duten hausnarketa eta ibilbidea lantzen du Cannesko Sail Ofizialean ikusgai izan zen proposamenak.

Ekimenaren inguruko xehetasun gehiago ezagutzeko, zein egitarau osoa kontsultatzeko, sartu Jabetze Feministarako Eskolaren orrialdean.