Bilboko Udalak, Arriaga Antzokiak eta ZINEBI jaialdiak sustatutako Bilbao Aurrera diru-laguntza deialdiaren bidez, Larraitz Zuazo eta Ane Rotaetxe zinemagile bilbotarrek Ekilibrismoaren artea dokumentala osatu dute. Itxialdiak sormen prozesuan nola eragin dien kontatuko dute bertan arte diziplina ezberdinetan diharduten lau sortzailek. Dokumentala gaur, martxoak 9, estreinatuko dute ETB1en.

Itxialdiaren ondoren, Bilboko ikus-entzunezkoen eta zinemaren sektoreak berpizteko asmoz, Udalak, Arriaga Antzokiak eta ZINEBI Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak Bilbao Aurrera diru-laguntza deialdia antolatu zuten iaz. Aurkeztutako lanen artean sei aukeratu zituzten, eta haietako bakoitzari 14.000 euro eta irailetik abendura arteko epea eman zieten proiektua garatzeko. Bada, lanen artean puntu gehien lortu zituena izan zen Zuazok eta Rotaetxek aurkeztutako proposamena, eta Gabonetan entregatu zuten emaitza.

Dokumentalaren protagonistak Gari musikaria, Katixa Agirre idazlea, Erlea Maneros Zabala artista plastikoa eta Ainhoa Artetxe antzezlea dira. Maneros eta Artetxe bertakoak dira, eta Gari eta Agirre Bilbon bizi dira. Itxialdiak haien sorkuntzan izan zuen eragina kontatuko dute, eta kulturaren beharrezkotasuna agerian utzi. Beren lanak jendartean erakusteko izan dituzten oztopoak eta esparru pertsonal zein artistikoan Bilbok eskaintzen diena jorratu dute kameraren aurrean. Jon Gerediaga poetaren testuek eta Arantzazu Calleja musikagilearen doinuek borobildu dute udazkenean protagonistekin grabatutako irudiekin zein itxialdian Baleuko eta K2000 ekoiztetxeek hartutako kale hutsenekin osatutako lana.

Dokumentala gaur, martxoak 9, estreinatuko dute ETB1en 23;15ean, eta horren ostean, hilabetez egongo da ikusgai Nahieran. Apirila hasiera aldera, halaber, Bilbao Aurrera egitasmoak lagundutako sei lanen emanaldia egingo dute (data zehazteke dago oraindik).