Urtarrileko eta otsaileko emanaldi sorta arrakastatsuen ondoren, martxo eta apirileko egutegia aditzera eman dute Mendi Tour biraren antolatzaileek. Tolosan, Eibarren, Agurainen, Igorren eta Zaldibarren lotuta dituzte jada saioak, eta Hondarribian, Amurrion eta Arrasaten ikusgai izango diren filmen zerrenda laster emango dute aditzera.

Gaur bertan, martxoak 8, hasiko dute hiru eguneko emanaldi sorta Tolosan. Leidor Antzokian, 18:45etik aurrera, iazko BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren Sail Ofizialean ikusgai izan zen Urmuga (Mattin Zeberio, 2020) proposamena, Iñaki Peña sendagileak zuzendutako euskarazko film onenaren garaikurra erdietsi zuen Mendian Hil, Hirian Hil dokumentala eta jaialdiko sari nagusia eskuratu zuen Michael Dillonen Hillary- Ocean to Sky lan australiarra, besteak beste, eskainiko dituzte asteazkenera bitarte. Proiektatuko dituzten lan guztien zerrenda hemen ikus dezakezue.

Eibarren, halaber, asteazkenean eta ostegunean, hilak 10 eta 11, egingo dituzten emanaldiak Coliseo Antzokian, eta ikusleen saria lortu zuen Pavol Barabáš zinemagilearen Everest – The Hard Way film eslovakiarra zein Kirol eta Abentura ataleko film onenaren aintzatespena erdietsi zuen Metanoia (Florian Gassner, 2020) alemaniarra eskainiko dituzte, tartean. Hemen ikus dezakezue programa.

 

Igorreren kasuan, bi ostegunetan egingo dituzte proiekzioak: lehena aste honetan izango da, hilaren 11n, eta bigarrena 18an, herriko kultur etxean. Eta Agurainen bigarren egun horretarako atondu dute Harresi aretoko saioa, 18:30ean hasita. Hileko azken emanaldiak Zaldibarren egingo dituzte: martxoaren 22an eta 29an, astelehenak biak, 18:30etik aurrera Liburutegi Zaharrean. Saio bakoitzeko programazio zehatza ikus dezakezue Mendi Tour biraren webgunean.

Apiril eta maiatza

Hondarribiak, Amurriok eta Arrasatek ere azaldu dute Mendi Tour bira eurenera eramateko asmoa, eta apiril zein maiatzerako datak gorde dituzte, filmen zerrenda oraindik itxi ez badute ere. Horien gaineko informazioa Mendi Tour webgunean eguneratuko dute datozen asteetan.