Euskal ikus-entzunezkoek zortzi garaikur jaso dituzte bart Espainiako Zinemaren Akademiaren 35. Goya sarien banaketa-ekitaldian. Pablo Agüeroren Akelarre eta David Perez Sañudoren Ane lanek bost eta hiru aintzatespen lortu dituzte, hurrenez hurren, hala nola, emakumezko aktore protagonista onenaren saria Patricia López Arnaizentzat eta jatorrizko musika onenarena Maite Arroitajauregi eta Arantzazu Callejarentzat. Aldiz, Juanma Bajo Ulloaren Baby, eta Ana Serna eta Paula Iglesiasen Solo son peces eta Alberto Vázquezen Homeless Home laburrak esku hutsik-itzuli dira.

Ezohiko gala izan da bart, 35. Goya sarien karietara, Malagako Soho Caixabank Antzokian ospatutakoa. Pandemiaren eraginez ezarritako osasun neurriak tarteko, ekitaldia gidatzeaz arduratu ziren Antonio Banderas aktorea eta María Casado aurkezleak, sariak banatu zituzten aktoreak zein ekitaldian parte hartu zuten orotariko gonbidatu eta musikariak ikuslerik gabeko aretoko eszenatokira igo ziren, eta hautagaiek etxetik, modu digitalean, egin zuten bat ekitaldiarekin, eskertza mezuak helarazteko.

22:00etan puntuan abiatu zen saioa, eta Akelarre filmaren jantziteriaz arduratu den Nerea Torrijosek jaso zuen gaueko lehen garaikurra. Euskal ekoizpenen artean faborito nagusia zen XVII. mendeko sorginen-ehiza ardatz duen Pablo Agüeroren filma, bederatzi hautagaitzarekin. Filmak kutsu mitologikoa du, fantasia eta errealitatearen arteko mugan egiten du dantza, eta guzti horri forma emateaz arduratu da bost garaikur erdietsi dituen talde tekniko eta artistiko zabala. Izan ere, Torrijosen osetan, makillaje eta ile-apainketa onenaren Goya saria eskuratu zuten Beatushka Wojtowiez-ek eta Ricardo Molinak, eta efektu berezi onenena Mariano Garcia Martyk eta Ana Rubiok. Maite Arroitajauregik eta Arantzazu Callejak jatorrizko musika onenaren aitortza eskuratu zuten, eta Mikel Serranok zuzendaritza artistiko onenarenarekin itxi zuen filmari egokitutakoen zerrenda.

David Perez Sañudoren Ane proposamena, halaber, bost kategoriatan zen hautagai, eta horietatik hiru eskuratu zituen. Patricia López Arnaizek emakumezko aktore protagonista onenarena jaso zuen, Akelarre filmean egindako lanagatik hautagaia zen Amaia Aberasturi gazteari aurrea hartuta. Jone Laspiurrek emakumezko aktore berri onenaren kategorian lortu zuen berea, eta Perez Sañudok berak eta Marina Parés Pulidok egokitutako gidoi onenaren aintzatespena jaso zuten. Kaleko giroak gaiztutako egunerokoan, Lide eta Ane ama-alaben arteko harremana du oinarri ikus-entzunezkoak, eta Donostia Zinemaldian bertan Euskal Gidoi Onenaren eta Euskal Zinemaren Irizar sariak lortu zituen.

Patricia López Arnaiz, David Pérez Sañudo eta Jone Laspiur, ‘Ane’ filma.

Juanma Bajo Ulloaren Baby drama gogorra zuzendari onenaren eta jatorrizko musika onenaren (Bingen Mendizabal eta Koldo Uriarte) kategorietan zen hautagaia, baina ez zuen saririk jaso, Ana Serna eta Paula Iglesiasen Solo son peces (dokumentala) eta Alberto Vázquezen Homeless Home (animazioa) euskal laburrek bezalaxe.

Ekitaldian zehar pandemiaren aurkako borrokan gogor lan egin duten osasun alorreko profesionalei eman zieten ahotsa, ekitaldia itxi zuen film onenaren garaikurra kolektiboaren ordezkari gisa joandako Ana María Ruiz erizainak eman baitzuen, eta galan zehar hainbatetan egin zitzaion erreferentzia orain urtebete abiatutako osasun krisiari eta honek kulturan izandako ondorioei. Mariano Barroso Espainiako Zinemaren Akademiaren egungo presidenteak, halaber, aurtengo hautagaien %41 emakumezkoak izan direla azpimarratu zuen, eta zuzendari zein zuzendari berri onenen kategorietan ere, hautazkoen erdiak andrazkoak izan direla.

35. Goya sarien irabazleen zerrenda osorik duzue kontsultagai sarien webgunean.

+2