Martxoaren 15etik 20ra luzatuko den Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdia modu presentzialean egitea hobetsi dute antolatzaileek, eta emanaldien sarrerak eskuragai daude jada jaialdiaren atarian zein Baluarteko leihatilan eta webgunean. Dena den, programazioaren zati bat online ikusgai izango da, bertaratu ezin direnentzat, Festival Scope plataformaren bidez.

Segurtasun neurri zorrotzak indarrean direla gauzatuko dute aurten Iruñeko zinema dokumentalaren jaialdi entzutetsua. Ekimenaren 15. edizioa izango da, eta zailtasunak zailtasun, antolatzaileek aurrez aurreko emanaldien aldeko apustua egin dute. Hala, Sail Ofiziala, Amos Vogel eta Nancy Holt sortzaileei eskainitako atzera begirakoak, DOKBIZIA topaketa, Punto de Vista Labs elkarrizketa saioak, Foku Garaikideak… eta jaialdiak antolatutako jarduera oro Iruñeko Baluarte auditorioan egingo dituzte.

Berauetan parte hartzeko sarrerak eskuragai daude jada jaialdiaren atarian zein Baluarteko leihatilan eta webgunean. Ohiko prezioa 3 eurokoa izango da, eta emanaldi berezienak 3 eta 10 euro artean.

Dena den, mugikortasuna murriztuta dagoen honetan, jaialdira modu presentzialera joaterik ez dutenentzat, hainbat sail online jarraitzeko aukera eskainiko dute Festival Scope plataformaren bidez. Ondorengo edukiak eskainiko dituzte bertan:

  • Sail Ofiziala, martxoaren 15etik apirilaren 4ra ikusgai soilik Espainian.
  • Amos Vogeli eskainitako atzera begirakoa, apirilaren 5etik 18ra mundu osoan ikusgai.
  • Iazko X Films ataleko irabazlea izan zen Alberto Graciak osatutako Tengan cuidado ahí fuera proiektua, apirilaren 5etik 18ra, soilik Espainian ikusgai.
  • Forensic Architectureko Nicholas Zembashi ikerlaria eta Lawrence Abu Hamdan artista eta ikerlaria protagonista dituzten Foku Garaikideak martxoaren 22tik apirilaren 18ra mundu osoan ikusgai.
  • Filmatutako Gutunak martxoaren 22tik apirilaren 18ra mundu osoan ikusgai.

Jaialdiaren egunez eguneko programazioa ezagutzeko eta sarrerak eskuratzeko, sartu Punto de Vista jaialdiaren atarian.