Isabel Lamberti, Amy Seimetz eta Sofia Coppola zinemagileen lanekin osatu du Errenteriako Ozzinema zineklubak martxoko programazioa. Lehen saioa gaur bertan, martxoaren 4an, egingo dute, eta La última primera (2020) izango da ikusgai Niessen zinemetan 19:00etan, Donostia Zinemaldiko iragan edizioan Zuzendari Berriak saileko garaikurra erdietsi zuen proposamena.

Emakumezkoen Nazioarten Egunaren harira, Ozzinemako programazio-taldeak ez du mugimendua aparteko ekitaldi gisa hartu nahi, eta hilabete osoko egutegia andrazkoek zuzendutako lanekin osatu du. “Kameraren atzean dagoen emakumezkoen talentuaren adibide argia dira, begirada baten hiru adibide oso ezberdin”, adierazi dute antolatzaileek.

Hiru dira programatutako ekitaldiak:

  • Martxoaren 4an, osteguna, Isabel Lamberti jatorri alemaniarreko zinemagile espainiarraren La última primavera (2020). Madrilgo Cañada Real txabola-auzoan bizi den Gabarre-Mendoza familiak aginpideek hartutako erabakiari aurre egin beharko dio, haiek eraikitako etxetik alde egitera behartu nahiko baitituzte. Zinemagilearen lehen lana da, Donostia Zinemaldiko Zuzendari Berriak atalean aurkeztu eta saria jaso zuena.
  • Martxoaren 11n, osteguna, Amy Seimetz zuzendariaren She Dies Tomorrow (2020) thriller psikologikoa. Amyk bihar hilko dela uste du… eta uste hori kutsakorra izango da. Sitgeseko jaialdian epaimahai gaztearen saria jaso zuen, eta nazioarteko kritikak harrera beroa egin zion iaz proiektuari. Seimetz gaztearen bigarren film luzea da honakoa.
  • Martxoaren 25ean, osteguna, Sofia Coppolaren Lost in Translation (2003) klasikoa. Tokion elkartuko diren aktore estatubatuarraren eta senarraren lanagatik hainbat egun bertan igaro beharko dituen neska gaztearen historia sakon bezain gizatiarra. Ia adinez nagusi den kultuzko filma.

Emanaldi guztiak 19:00ean izango dira, eta sarrerak Niessen Kulturgunean bertan eskuratu ahal izango dira.