Hamahiru zinemetan izan da ikusgai asteburutik Non dago Mikel? dokumentala, Guardia zibilak atxilotu ondoren, 1985eko abenduan hilda agertu zen Mikel Zabalza autobus-gidariaren desagerpenaren kronika, eta lehen asteburuan 19.000 euro bildu ditu. Ostiraletik aurrera, gainera, Durangon, Lizarran, Gironan eta Lleidan ere, besteak beste, izango da ikusgai.

Zabalza desagertuta egon zen 20 egun horietan, bertsio ofizialak eragindako mesfidantzak bultzatuta jokatu zuen euskal gizarteak, eta gizon gaztearen gorpua azkenean Bidasoa ibaian flotatzen agertu zenean, protesta ugari egin eta eztanda sozial handiak egon ziren. Zabalza torturatuta hil zela uste zuen jendeak oro har, baina inoiz ez zuten inor ez epaitu ez zigortu. 2020ko azaroan 35 urte bete dira Zabalza hil zenetik, eta bere familiak egia aldarrikatzen du oraindik.

Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamas Pituk zuzendutako lana Izar Films eta Ahotsa.info-k ekoitzi dute, garaiko artxiboko materiala eta hildakoaren familiaren eta kasuarekin zerikusia duten pertsonen testigantzak bilduta. Iragan Donostiako Zinemaldiaren 68. edizioko epaimahaiak Euskal Zinemaren Irizar Sariaren aipamen berezia eman zion, eta Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta 2020 garaikurra eman zion ikus-entzunezko kategorian, memoria historikoa jorratzen duten dokumentu-formatuko lanei eginiko aitortza gisa.

Filma zalaparta handiz heldu zen aretoetara iragan ostiralean, otsailak 26, egun batzuk lehenago publiko egin baitziren Alberto Perote CESIDeko koronel eta zerbitzu sekretuetako buruaren eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketa bat jasotzen zuten grabazioak. Bertan, Gomez Nietok Zabalza Intxaurrondo kuartelean torturatuta hil zutela entzun daiteke.

Bada, proposamenak harrera beroa jaso du zinema aretoetan, hamahiru lekutan ikusgai izanik 19.000 euro bildu baititu. 2021ean estreinatutako estatuko proposamen arrakastatsuena izan da. Ostiraletik aurrera, dena den, Ferrolen, Lleidan, Gironan, Sant Cugat del Vallèsen, Figuerasen, Durangon eta Lizarran ere izango da ikusgai.