Zorioneko parte hartzea sinatu dute euskal zinemagintzaren ordezkariek bart ospatutako Feroz sarien banaketan, pandemiaren gorabeherek nabarmenki markatutako galan. Emakumezko aktoreak nagusi, Patricia Lopez Arnaiz, Elena Irureta eta Loreto Mauleon saritu ditu Espainiako Zinematografia Informatzaileen Elkarteak.

Kritikari eta kazetariek eman dute epaia. Aurreikusitako data baino hogei egun beranduago eta, protokolo soziosanitarioak zorrotz bete aldera, Alcobendaseko hiritik Madrilgo Coliseum antzokira aldatu ondoren, bertan banatu dituzte aurtengo Feroz sariak. “Ekitaldi presentzial baten antolakuntzarekin, kultura segurua dela azpimarratzea izan da gure xedea”, azaldu zuen Maria Guerrak, Espainiako Zinematografia Informatzaileen Elkarteko zuzendariak. Esan eta egin: urteroko mahai-inguru formatuari agur, eta auditorio itxurako espazioan batean banatu zuten publikoa. Bertaratutakoek eserleku hutsak utzi zituzten (%30eko asistentzia izan zen bakarrik) eta maskara erabili zuten.

Banatutako sariei dagokionez, Las Niñas  filma izan da garaile nagusia, hiru errekonozimendurekin. Gurera ekarrita, aldiz, emakumezko aktoreak izan dira nagusi: Patricia Lopez Arnaiz gasteiztarrak jaso du aktore onenaren saria, Ane pelikulan egindako lanagatik. Halaber, telesailen kategorian, Elena Irureta eta Loreto Mauleon saritu dituzte. Iruretak aktore protagonista onenaren aitzatespena jaso du, eta Mauleonek, berriz, taldeko-aktore onenarena. Patria telesaila ordezkatu dute biek.

Horrez gain, Koldo Uriarte eta Bingen Mendizabal saritu dituzte, Juanma Bajo Ulloaren Baby beldurrezko dramari konposatutako jatorrizko soinu banda onenagatik.

Goya sariak heburu

2013az geroztik banatzen dira Feroz sariak, eta zortzi urte hauetan estatistikak badu zeresanik. Izan ere, Goya sariak eman aurretiko azken hitzordu garrantzitsuena bilakatu da, Urrezko Globoen parekoa, baina nekez etorri izan dira bat kazetariak eta Akademia garaikur nagusiak ematerakoan. Hala, ikusteke dago euskal ekoizpenek martxoaren 6an izango duten harrera.