Maite Arroitajauregi eta Arantzazu Calleja musikagileek Pablo Agüeroren Akelarre filmarentzako soinu banda konposatu dute, eta asteburuan, martxoaren 6an, banatuko dituzten 35. Goya sarietarako hautagaiak dira. “Gure lanari emandako sari gisa hartu dugu. Pozten gara Akelarre lanagatik delako, baina aktibo dauden andrazkoak gara, batere erraza ez den leku batean gaude, eta honek indar handiagoz egoten laguntzen digu”, nabarmendu dute.

Maite Arroitajauregi eta Arantzazu Calleja musikagileak, solasean. (Arg.: Ines Arrue)

Arroitajauregi izan zen proiektuarekin bat egiten lehena. Filmaren soinu banda diegetikoa egin zuen aurrenik, 1609ko euskal sorginen testuinguruari forma musikala emanez. Protagonistentzako kantak sortu zituen, errodajerako erabili ziren doinu eta erritmoak, garaiko musika tresnen gaineko ikerketa eginez, eta grabaketak amaitutakoan, Callejari luzatu zion gonbita, musika estradiegetikoa sortzen laguntzeko. Elkarlanarekin pozik agertu dira biak, “Oso ongi ulertu genuen elkar, eta dena oso naturala eta organikoa izan zen, aurretik garatutako sistemarik gabe”.

Proposamenak Donostia Zinemaldiko 68. edizioaren Sail Ofizialean hartu zuen parte, eta berehala, urriaren hastapenetan, egin zuen jauzi areto komertzialetara. 35. Goya sarietarako bederatzi hautagaitza erdietsi ditu berriki, tartean, emakumezko aktore protagonista onenaren kategorian (Amaia Aberasturi), jantziteria onenaren kategorian (Nerea Torrijos), ekoizpen zuzendaritza onenaren kategorian (Guadalupe Balaguer Trelles), argazki zuzendari onenaren kategorian (Javi Agirre) eta soinu banda onenaren kategorian, Arroitajauregi eta Calleja. Larunbatean egingo dute sari-banaketa ektialdia modu digitalean.

Hautagaitzak ekarriko dienaren inguruan oraindik ezjakinak diren arren, pozik eta sorpresaz hartu zuten albistea. “Oso harro gaude gure lanean arreta jarri dutelako. Sortu dugun taldeagatik eta ezohiko soinu banda bat delako. Akademiak horrelako lanetan arreta jartzea lorpen bat iruditzen zaigu, ez baita ohikoa, lan klasikoagoen alde egiten baitute. Eta noski, emakumeak garelako eta alor honetan ez daudelako”.

Jarraian duzue Donostian egin genien elkarrizketaren laburpena.