Alardearen afera oinarri gisa hartuta, Aurrera egin badugu izeneko pieza dokumentala aurkeztu du Hondarribiko Jaizkibe Konpainiak. Elkarrizketa formatuko solasaldiak dira nagusi Julen Hernandez Esnaola kazetariak zuzendutako lan honetan.

«Aurrera egin badugu urte hauetan, berdintasunaren aldeko borrokalariei esker izan da”, azaldu dute konpainiako kideek. Ekarreengandik ikasi eta elkar babestea izan da urteetan luzatu den gatazka honi aurre egiteko bilatu duten modua eta, hain zuzen, bide hori guztia biltzen saiatu dira dokumentalean. Hausnarketarako tresna bai, baina, horrez gain, urteetan bidelagun izan dituzten horiei eskainitako aitortza izatea bilatu dute.

Hala, konpainiako kide diren Arantxa Urretabizkaia, Jaime Altuna eta Oihana Etxebarrieta kapitaina bera dira protagonistak. Garbiñe Biurrun epailea, Kattalin Miner kazetaria eta Itziar Ituño aktorea izango dituzte parean, eta elkarrizketa formatuko solasaldien bitartez ikuspuntu zabal, askotarikoak eta desberdinak eskainiko dituzte. Julen Hernandez Esnaolak egin ditu zuzendari lanak.

Hondarribiko Itsas Etxea aretoan proiektatuko dute lehen aldiz, datorren martxoaren 5ean, 19:00etan. Estreinaldi nagusia izango denaren atzetik, gainera, beste hainbat aurkezpen ere egingo dituztela iragarri dute: Martxoaren 9an, Donostiako Principe aretoan eta martxoaren 11n, Gasteizko Vital fundazioan. Asmoa aurkezpenak Bilbon eta Madrilen errepikatzea izango litzateke, eta horren ondotik, emanaldiak egitea Euskal Herriko hainbat aretoetan.