David Pérez Sañudoren Ane filmak irabazi du joan zen astean Gasteizen ospatu zuten Euskal Zinemaren 37. Asteko garaikur nagusia, eta film horretan egindako lanagatik nabarmendu dute Patricia López Arnaiz aktorea Uno de los Nuestros sariarekin. Film labur onenaren aintzatespena, ordea, Estibaliz Urresolaren Polvo Somos lanarentzat izan da.

Vital Fundazioaren babespean, euskal ekoizpen berri eta esanguratsuenak jasotzen ditu urtero Gasteizen egiten duten Euskal Zinemaren Asteak. Arrakasta polita izan du beste behin ere ekimenak, osasun neurriak tarteko, edukiera murriztu behar izan duten arren. Dena den, ikusgai izan diren filmen sortzaileen parte-hartzea erabatekoa izan da, eta horrek ikusleak erakartzen lagundu du, emanaldi guztiak bete baitira.

Antolatzaileek filmen kalitatea nabarmendu dute, besteak beste, Akelarre (Pablo Agüero), Baby (Juanma Bajo Ulloa), Dar Dar (Paul Urkijo) eta Hil kanpaiak (Imanol Rayo), izan baitira ikusgai, bost luze eta beste horrenbeste labur. Gainera, jaialdiak euskal industriaren eta publikoaren arteko topagune izaera erdietsi du azken ekitaldietan, eta izandako harrerarekin pozik azaldu dira.

Jaialdiaren sari nagusia Ane proposamenarentzat izan da, publikoak ere halaxe berretsi baitu, eta aktore onenaren Uno de los Nuestros garaikurra Patricia López Arnaizentzat izan zen, film berean egindako lanagatik. Laburren sailean, Estíbaliz Urresola sortzailearen Polvo Somos lana izan da garaile, Paul Urkijoren Dar Dar, Aitor Lopez de Aberasturiren Buruak, Andoni Martinez de Madina eta Julen de la Sernaren Buen Plan, eta Beñat Fontanedaren Ni una más proiektuekin lehian.

0