Urte hasieran iragarritako datarik gabe bada ere, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko ikasleek antolatzen duten HUHEZINEMA film laburren jaialdiaren 14. edizioaren kartela iragarri dute antolatzaileek. Haymar Manzisidorrek egindako lana da, eta sortzailek 200 euroko saria jaso du.
Bi hilabetez izan dute zabalik 14. HUHEZINEMA film laburren jaialdiko irudia aukeratzeko deialdia. Orotara 23 lan jaso dituzte antolatzaileek, eta horien artean Manzisidorrena suertatu da garaile, aukeraketa egitea lan zaila izan dela aitortu duten arren. Sormena, exekuzioa eta originaltasuna izan dituzte kontuan haren alde egiteko. Jaialdia martxoaren 16tik 18ra egiteko asmoa zutela iragarri zuten orain aste batzuk, baina irudiak ez du halakorik zehazten, emanaldiak 2021eko martxoan egingo dituztela soilik. Izan ere, pandemiaren bilakaerak baldintzatuko du aurtengo ekitaldia.
Dena den, jasotako lanen artean, Eider Díaz de Argandoñak egindakoa nabarmendu nahi izan du epaimahaiak. Jaialdiaren kartel lehiaketan inoiz parte hartu duen egilerik gazteena izan da, 13 urterekin, eta irudi “txukuna” egin duela azpimarratu dute.
Filmak aurkezteko deialdia, ostera, otsailaren 16ra arte izan zen zabalik, eta jasotako proposamen artean 10 aukeratuko dituzten Sail Ofizialean lehiatzeko.
Aukeratze hutsagatik, gainera, lan bakoitzak 200 euro jasoko ditu proiekzio eskubideen truke. Horrez gain, Sail Ofizialeko lanen eta Mondragon Unibertsitatea sailekoen artean 4.000 eurotik gora banatuko dituzte saritan, “kultura eta sormenaren egoera latzari bultzada bat emateko”. Aurten, hain zuzen, Komedia saria emango dute aurrenekoz.
Festibalaren nondik norakoak ezagutzeko, sartu HUHEZINEMA jaialdiaren atarian.