Salamancako DA2. Domus Artium 2002n Maddi Barber euskal dokumentalgileari eskainitako zikloa izango da ikusgai maiatzaren 30era arte. Sortzailearen hiru proposamen emango dituzte, 592 Metroz Goiti (2018), Urpean Lurra (2019) eta Gorria (2020).

Euskal Herriko Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi ostean, Manchesterrera joan zen Ikusizko Antropologiaren inguruko master bat egitera. 2015ean Zinergentziak programan parte hartzeko gonbidatu zuen Zinebi festibalak, bere ibilbide zinematografikoaren abiapuntua izango zen Distantziak lan kolektiboa egiteko. 2018an Christopher Murray eta Charlotte Hoskinsekin batera Yours Truly laburra osatu zuen, eta urte hartan bertan aurkeztutako 592 Metroz Goiti lanarekin hasi zuen bakarkako ibilbidea.

Bada, Espainiako zinemaren tendentzia berrienak jasotzeko helburua duen Visiones Contemporánes zikloaren baitan, Playtaime Audiovisuales arduratu da Barberri eskainitako zikloa komisariatzeaz. Salamancako DA2. Domus Artium 2002n sortzailearen hiru proposamen ikusteko aukera izango da maiatzaren 30era arte:

  • 592 Metroz Goiti – Oroimenean bakarrik existitzen den lurralde batekoa zarelako sentimendua. 1990ean Itoiz presa eraiki zutenean zazpi herri eta hiru natura-erreserba urpean geratu ziren, eta Barberrek paisaia haiekiko sentitzen duen lotura erakutsiko du lanean.

 

  • Urpean Lurra – Itoizko presara itzuliko da zinemagilea, baina orainalditik egin beharrean, ikuspegi historiko eta politiko batetik egingo du, aurretiko kontaketa osatuz, artxiboko irudien laguntzaz.

 

  • Gorria – Punto de Vista jaialdiaren X Film programaren baitan osatutako filma. Zerri baten hilketarekin abiatuko da, pantaila proiektuari izena ematen dion kolorez jantzita. Eta hain zuzen, kolore horrek naturan dituen adierazpideak zein hitzaren zentzu ezberdinak aztertuko ditu.

 

Zikloaren gaineko xehetasun gehiago jakiteko, sartu DA2ren webgunean.

0