Masina agurgarria,
100 urte bete dira otsailaren 22 batez San Giorgio di Paio herrian jaio zinenetik, eta askotan zure senarraren itzalpean aipatzen bazaituzte ere, ondo gogoan dut zinegileak berak hartu zuela 1993ko Oscar sarien galan zure talentu eta bizipoza aldarrikatzearen ardura: hil baino zenbait hilabete lehenago Federico Fellinik ibilbide profesionalari eskainitako errekonozimendua jaso zuenean zutik txalotu zintuzten gonbidatu guztiek, eta oraindik ere txalo horiek badute oihartzunik. Txalo-hotsa ez da inoiz isilduko.
Roberto Rosselliniren Paisa’ (1946) lanean azaldu zinen aurrenekoz pantaila aurrean, baina kredituetatik at utzi zintuzten. Urte batzuk geroago bai, Europa ’51 pelikulan zure izen-abizenak errespetuz txertatu zituen zinegile erromatarrak. Alberto Lattuadaren Senza pietà (1948) eta Luigi Comenciniren Persiane chiuse (1951) izan dira zure ibilbidean garrantzia handia izan duten beste film aipagarri bi, baina Fellinirekin izandako hartu-emanaren ondorioz egin zinen famatu.
50eko hamarkadako italiar irratsaio batean gidoilari zinela ezagutu zenuten Federicok eta zuk elkar, oso gazte zinetela, eta hil arte izan zineten bikote. Seme-alabarik ez zenuten izan, baina elkarrekin egindako filmak utzi dizkiguzue oinordetzan: La strada (1954), Le notti di Cabiria (1957), Giulietta degli Spiriti (1965) eta Ginger e Fred (1985).
La strada lanean Gelsomina izenez aurkeztu zenuen zeure burua, eta guztiz maitemindu ginen zutaz. Erabat. Filma ikusi ostean zera esan zuen bibotedun arlote ezagun batek: “Inoiz gehien hunkitu nauen aktorea da. Gehien miresten dudana”. Orduz geroztik, bibotedun arlote ezagun horrekin konparatu zaituzte beti. Charles Chaplin du izena, eta badakit zuk zeuk ere ondo ezagutzen duzula. Hark haragitutako pertsonaia mitikoak erreferentzia izan zenituela adierazi duzu behin eta berriz, eta Federicok artista ibiltari oldarkor baten bidelagun izatera behartu bazintuen ere, ikur bilakatu zinen berehala. Ezin burutik kendu pailazoz mozorrotuta tronpetari ateratzen zenion doinu melankoliakoa. Edota danborra kolpatuz Zampanò maltzurraren etorrera iragatzeko zenuen trakestasuna: “È arrivato Zampanò!“.
Kale gorritik irteteko aukerarik ez zizun senarrak eman. Izan ere, Erromako prostitutarik famatuena antzeztea eskatu zizun Le notti di Cabiria pelikulan, eta zure samurtasunak negar-malkoz bete zizkigun begiak, batez ere, filmaren bukaeran, maitemindu zinen gizonak adarra jo dizula konturatu eta etxera itzultzean zuzenean kamerara begiratu zenuenean, zure mina gurekin partekatuz. Beste behin, pertsonaia triste, abandonatu baina ameslari bat oparitu zenigun, bihotz onekoa, maitekorra. Ahaztezina. Ez da kasualitatea atzerriko hizkuntzan errodatutako sailean Fellinik jasotako lehen bi Oscar sarietako protagonista nagusia zu izatea. Cannesen eta baita gurean ere, Donostia Zinemaldian, zure lana goraipatu zizuten, merezimendu handiz.
Giulietta maitea, ezin luza naiteke gehiago. Kamera aurrean egin duzun ibilbide laburra zirraragarria izan da. Eta merezi duzu mundu mailako errekonozimendua. Han eta hemen, zutaz oroitu dira, nola ez, eta antolatu dituzte zenbait ziklo berezi, hitzaldi, erakusketa eta enkontru ugari. Maite zaituzte.
Gogoan zaitugu, ez dezazula inoiz ahaztu.