Euskarazko spoten sorkuntza sustatzen duen Euspot lehiaketaren 10. edizioa martxan da jada, antolatzaileek lanak bidaltzeko deialdia zabaldu berri baitute. “Nekazaritzatik bizi nahi dugu” izango da aurtengo gaia, eta ohi bezala, gehienez ere 30 segundoko iraupena duten proposamenak helarazi beharko dira maiatzaren 12a baino lehen.

Aretxabaletako Udalaren, Arteman Komunikazioaren, Mondragon Unibertsitatearen, Arizmendi Ikastolaren eta Bai Euskarari elkartearen arteko ekimena da Euspot lehiaketa, hamarkada bete berritan, inoiz baino egonkorrago eta gogotsuago helduko den ekimena. Aurten, gainera, Euskadiko lehen sektorearen eta elikadura-sektorearen, landa-eremuaren eta itsasertzaren lehiakortasuna eta iraunkortasuna bultzatzea helburu dituen HAZI enpresak egin du bat deialdiarekin, eta ondorioz, aurtengo leloa “Nekazaritzatik bizi nahi dugu!” izango da. Alegia, gazteak, eta bereziki, emakumezkoak, familia-nekazaritzatik bizitzera animatu beharko dituzte spotek. Elikadura, krisi klimatikoa, lurraldearen antolaketa, jasangarritasun ekonomikoa eta gizateriaren ongizatea dira familia-nekazaritzaren erronka nagusiak, eta ustiapen eredu hori jarraitzen dute Euskal Herriko dozenaka familiak.

Deialdia zabalik da jada maiatzaren 12ra bitarte, eta hil horren 27an egingo dute sari-banaketa. Formatua guztiz librea da, baina iraupena gehienez ere 30 segundokoa izan beharko da. Parte hartzaileen artean (azken edizioetan, batez beste, 400 proposamen jaso dituzten antolatzaileek, eta 19.000tik bisita izan ditu plataformak), sei sari banatuko dituzte:

  • 1.000 euroko Spotik onenaren saria
  • 500 euroko ikusleen saria
  • 300 euroko musika sinkronizazio onenaren saria
  • 18 urtetik beherakoen artean, 250 euroko gazteen saria
  • Mondragon Unibertsitateko ikasleek egindako 500 euroko spotik onenaren saria
  • Arizmendi Ikastolako ikasleek egindako 250 euroko spotik onenaren saria

Deialdiaren oinarriak eta parte hartzeko inprimakia Euspot lehiaketaren atarian topatuko dituzue.

Horrez gain, parte hartzaileei laguntzeko asmoz, ikus-entzunezko publizitatearen gaineko online formazioa eskainiko dute antolatzaileek, spot egileen harrobia indartzeko asmoz. Julen Urtxegi 2020ko irabazlea eta ikus-entzunezko sormenean aditua arduratuko da saioa gidatzeaz, eta gazteen artean sormenaren eta publizitatearen inguruko sena piztea izango du helburu.