2020ko Sundance jaialdian estreinatu zenetik, aukera gutxi izan dira Max Barbakow zinemagilearen Palm Springs proposamen bereziaz gozatzeko. Bada, ostegunean, otsailak 25, Errenteriako Ozzinema Zineklubean proiektatuko dute, 19:00etan, hileko bigarren emanaldian. Umore lotsagabea, pertsonaia hurbil bezain zoroak eta egoera bitxiak uztartzen dituen proposamen berezia.

Nyles eta Sarahk Pam Springseko ezkontza batean egingo dute topo. Lehena erabat arduragabea da, eta bigarrena familiako ardi betza. Espero gabeko jazoera baten ostean, etenik eta logikarik gabe errepikatzen den errealitatean harrapatuta geratuko dira, eta egoerari ahalik eta hoberen aurre egiten ikasi beharko dute. Andy Samberg eta Cristin Milioti aktoreek antzeztu dituzte bi protagonisten paperak, umorearen eta dramaren artean dantzan, eta pertsonaien hurbiltasunak ikusleak bereganatuko ditu.

Zientzia fikzioa lagun, nihilismoaren eta egunerokotasun errepikakorraren ezinegona islatuko ditu lanak, eta bizi dugun egoearekin antzekotasun handiak dituela ikusiko dugu. Filmak, hain zuzen, Sundance jaialdian ikusi zuen argia 2020an, eta ordutik, film, gidoi eta gizonezko aktore onenaren kategorietan proposatu dute hainbat sari banaketatan, hala nola, Urrezko Globoetan (film eta aktore), Satellite Awards sarietan (film, gidoi eta aktore), eta Film Independent Spirit Awards sarietan (gidoi).

Hala, datorren ostegunean, otsailak 25, egingo du Errenteriako Ozzinema Zinekubak hileko bigarren emanaldia, eta 19:00etatik aurrera, Niessen zinemetan izango da ikusgai proposamena. Sarrerak kulturunean bertan daude eskuragai, eta osasun-neurriak tarteko, edukiera mugatuta egongo da.