Change.org plataformaren bidez, Netflix plataforma digitalari edukiak euskaraz eskaini ditzala eskatzeko sinadura bilketa abiatu berri dute. Beste hizkuntza gutxituetan egindako eskaeren aurrean, benetako eskaria egonez gero, edukiak hizkuntza horretan eskaintzeko prest azaldu izan da plataforma, eta horixe baliatu nahi dute ekimenaren arduradunek helburua lortzeko.

2014an eta 2015ean, hurrenez hurren, iritsi zen Netflix ikus-entzunezko edukien eskaerapeko plataforma digitala Espainia eta Frantziara. Gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko telesail eta filmak eskaini zituen hasieratik, herritarren ikus-entzunezko kontsumo aukerak nabarmen zabalduz, baina Euskal Herriko 800.000 euskal hiztunak, eta honenbestez, plataformaren euskal kontsumitzaile potentzialak, kontuan hartu gabe.

Gisako plataformen aurrean sortzen ari diren eskaeren aurrean, eta Netflixek berak izandako jarrera baliatuta, Change.org plataformaren bidez sinadura bilketa jarri dute abian, euskal hiztunok bertako eduki guztiak euskaraz jaso nahi ditugula adierazteko. Izan ere, beste hizkuntza gutxitu batzuetako norbanako, kolektibo zein eragileek halako eskaerak egin izan dizkiote orain arte, eta plataformaren erantzuna argia izan da: benetako eskari baten aurrean, prest daude edukiak hizkuntza horretan eskaintzeko.

Sinadura bilketa atzo jarri zuten martxan, eta erabakitzaileen zerrendan Netflix bera, plataformaren sortzaile Reed Hastings eta Marc Randolph, Hizkuntza Eskubideen Behatokia, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Euskal Hirigune Elkargoa ageri dira.

Ekimenarekin bat egin eta sinatzeko, sartu jarraian. 24 orduko epean 300dik gora lagunek sinatu dute.

+3