Zuzendaria: Charles Chaplin
Urtea: 1921
Herrialdea: AEB

Aurkezpen handirik ez du behar arraro mugitzen den bibotedun gizon txikiak; 1914an zineman bere lehen agerraldia egin zuenetik, klasikoen artean klasikoenaren estatusa lortu duenak.  Antiheroi kuttunaz ari naiz, noski, Charles Chaplin handiaz. Aurten, The Kid (1921) bere film mitikoak 100 urte betetzen dituela ospatzeko, Boloniako Zinetekak 4K bertsioan berriztatu du, klasikoa biziberritzeko aukera paregabea eskainiz.

Jackie Coogan txikiaren eszena magistrala buruan ez daukatenentzat, zeinetan “aitarengandik” banandua izatearen beldurraz negar egiten duen, hona hemen Chaplinek berak zintaren hasieran ematen digun oharra: irribarredun filma da hau bai eta, agian, malkoduna ere. Izan ere, The Kid ikustera aretoetara hurbilduz gero, ez dugu komedia buruarin hutsa topatuko, baizik eta obra biribila, zuhurtzia nabariz zuzendua eta orotara bihozbera.

Chaplinen begiradaren sakontasun etiko eta psikologikoaz jabetzeko nahikoa dira filmaren lehenengo minutuak. Umea besoetan daraman amaren irudia gurutzea soinka daraman Kristoren imajinarekin nahasten da. Eszena batzuk geroago, dagoeneko haurra abandonatu duenean, bere buruaz beste egiteko aukera hausnartzen du ama gixajoak, zubi garaitik behera begira. Ondoren, eliza bateko leihoen aurrean zutik, amaren buruaren inguruan piztu egingo da aureola modukoa, bere erabakiek barkamena merezi dutela adierazteko.

Deskribatutako pasarteetan gailentzen diren teknika zeharo adierazkorrek eta amaren zorigaitzak gehitzen duen kutsu dramatikoak bidea egingo diote Charlot ezagunaren xarma maitagarriari. Arlote onberak heziko du, bere semea balitz bezala, amak abandonatutako ume hura eta elkarrekin aurre egingo diote bizimodu dickensiano puruaren gorabeherei.

Honen aurretik Chaplinek zuzendutako filmak aztertuz gero, mugarri esanguratsua dugu The Kid. Alde batetik, noski, lehen film luzea dugulako eta, bestetik, bere filmografian klabea den dimentsio etikoan sakontzen duen lehendabiziko lana delako. Filmaren eduki autobiografikoak izango zuen, seguruenik, eragina horretan. Izan ere, Jackie Cooganek antzezten duen haurrak bezalaxe, txiki-txikitatik ezagutu zituen Chaplinek kaleko miseria gorria, bai eta umezurtz-etxeen mehatxua. Baina ez hori bakarrik, dagoeneko mundu mailako izarra bihurtua zen gizonaren mementoko tristura ere aditzera ematen digu filmak: Chaplinek duela ez asko galdu zuen semea, jaio eta egun gutxi barru zendu zena.

Soberan ezaguna da jenioaren alde iluna, miseria gorritik Hollywooderaino, albotik kendu ezin izan ez zuena. Dirudienez, gag eta barreen atzean lanarekiko obsesio asaldagarria ezkutatzen zuen Chaplinek. Hala, behin eta berriz errepikatzen ziren eszenen grabaketak eta gidoiak ez zeuden inoiz guztiz itxita. The Kid filmaren kasuan, urte oso bat iraun zuen grabaketa prozesuak, garaiko film komikoak bizpahiru astetan burututa zeuden bitartean.

Ahaztezina Jackie Coogan umearen antzezlana, Chaplin-txiki bihurtuta. Ahaztezina ere bi pertsonaien arteko konplizitate samurra eta nola baten distirak bestea elikatzen duen. Beti bezala, maltzurtasunik gabeko pikarokeriaz, Charlot xaloaren inozentziak bete egiten du pantaila eta, hamaika aldiz ikusita ere, harrigarria izaten jarraitzen du Chaplinek garaiko arau zein moralarekiko zuen axolagabekeria. The Kid  zoragarrian denak (heldu zein ume) bizi dira haurtzaroko askatasun eta beldurren inguruan; eta, nola ez, hala egiten dute bai irri zein negar.

Eisensteinek bezalaxe, nik ere nahiko nuke jakin zein begirada den beharrezkoa Chaplinek bezala mundua ikusteko. Horrexagatik, eta Charloten beraren omenez, puntu honetara ailegatuta, agian hobe litzateke hitzei adio esatea. Mutu, beraz; astindu ditzagun isiltasunean geure makuluak, eta mugi dezagun bibotetxoa txintik esan gabe. Sh!