Otsailaren 22an hasi eta 27ra bitarte, astelehenetik larunbatera, euskal zinemari eskainitako astea ospatuko dute Gasteizen Vital Fundazioaren eskutik. Bost film luze eta beste bost labur, azken horiek arabar zinemagileek zuzendutakoak, eskainiko dituzte 18:30ean hasita. Saio bakoitzerako sarrera bi euroan eskuratu ahal izango da, eta emanaldi guztietarako txartela, bederatzi euroan.

2020an ekoitzitako euskal proposamen esanguratsuenak bistaratuko dituzte datorren astean Gasteizko Dendaraba merkataritza gunean. Euskal sortzaileen ekoizpenak herritarrei hurbiltzeko helburua du, baita arabar egileen lan txikiagoei tartea egitekoa ere, eta zikloaren amaieran, larunbatean, itxiera gala eta sari banaketa ekitaldia egingo dituzte.

Pablo Agüeroren Akelarre filmak zabalduko du astea. Martxoaren 6an banatuko dituzten Goya sarietarako hautagaia da bederatzi kategoriatan, tartean, emakumezko aktore protagonista onenaren (Amaia Aberasturi), argazki zuzendaritza onenaren (Javier Agirre) eta jatorrizko soinu banda onenaren (Maite Mursego eta Arantzazu Calleja) kategorietan. XVII. mendeko sorginkeria eta Inkisizioaren papera ditu aztergai Donostia Zinemaldian estreinatutako filmak.

Asteartean, ostera, Imanol Rayoren Hil Kanpaiak eskainiko dute, Itziar Ituño, Eneko Sagardoy eta Yon Gonzalez protagonista dituena. Miren Gorrotxategiren eleberrian oinarritutako lana ere Zinemalditik igaro zen.

Asteazkenean, ostera, film laburren txanda izango da: Paul Urkijoren Dar Dar, Aitor Lopez de Aberasturiren Buruak, Estibaliz Urresolaren Polvo somos, Andoni Martinez de Madina eta Julen de la Sernaren Buen Plan, eta Beñat Fontanedaren Ni una más proiektatuko dituzte jarraian, sortzaile arabarrenak guztiak.

Ostegunean, halaber, Goya sarietarako bost hautagaitza eskuratu dituen David Perez Sañudoren Ane eskainiko dute, Zinemaldiko New Directors kategoriatik igaro eta kritika beroak jaso zituen lana. Emakumezko aktore protagonista onenaren (Patricia Lopez Araniz), zuzendari berri onenaren (Perez Sañudo), gidoi onenaren (Perez Sañudo eta Marina Parés Pulido) eta emakumezko aktore berri onenaren (Jone Laspiur) kategorietan proposatu dute filma.

Ostiralean Juanma Bajo Ulloaren Baby izango da ikusgai, hau ere Goya sarietarako hautagaia zuzendari onenaren eta jatorrizko musika onenaren (Bingen Mendizabal eta Koldo Uriarte) kategorietan. Eta zikloa ixteko, azkenik, Mireia Gabilondo zuzendutako Erlauntza eskainiko dute larunbatean, itxiera galaren baitan.

Sarrerak 2 euroan eskuratu ahal izango dira, eta saio guztietarako paseak 9 euro balio ditu. Informazio osagarria topatuko duzue Vital Fundazioaren atarian.