Iturramako eta Sanduzelaioko Civivox zinema aretoek erregularki antolatzen duten Zinemako Heroiak zikloak 2021eko lehen emanaldi-sorta iragarri du, eta gaur, otsailak 15, egingo dute lehen saioa, Marta Díazen Mi querdia cofradía komedia espainiarra protagonista. Apiril hasierara arte, beste hiru proposamen izango dira ikusgai.
Zinemara ikuspegi ezberdin batetik hurbiltzeko eta genero-estereotipo eta -rolekin hausteko, bestelako erreferenteak eskaintzen dituzten ikus-entzunezko lanak proiektatzen ditu Iturramakko eta Sanduzelaiko Civivox aretoek elkarlanean antolatzen duten Zinemako Heroiak zikloak. Iragan urrian ekin zioten programazioari, pandemiaren eraginez, 202ko zikloa bertan behera geratu ostean, eta gaur, otsailak 15, 2021eko lehen txandari helduko diote.
Zikloa zabaltzeko, Marta Díazek 2018an aurkeztu zuen Mi querida cofradía eskainiko dute Iturramako aretoan, eta otsailaren 23an, asteartea, izango da ikusgai Sanduzelaikoan. Filmeko protagonista Carmen da, bere herriko ermandadean Ahizpa Nagusi izateko urte luzez borroka egin duen emakumea. Ustekabeko istripu baten ondorioz beteko du ametsa, baina alabaren eta senarraren arteko eztabaida batek dena korapilatuko du. Gizonezkoen eskuetan dauden eta andrazkoengana nekez heltzen diren karguen gaineko hausnarketa interesgarria proposatzen du ikus-entzunezkoak.
Martxoaren 1ean, astelehenea, Iturraman eta 9an, astartean, Sanduzelain, aldiz, A League of their Own (Penny Marshall, 1992) komedia dramatiko klasikoa izango da ikusgai, AEBtako baseball jokalari profesionalen emakumezkoen ligan girotutako filma, eta martxoaren 15ean Iturraman eta 23an Sanduzelain Sebastián Lelio txiletarraren 2013ko Gloria tragikomedia laudatua. Berlingo zinema jaialdian zein Donostiako Zinemaldian saritu zuten lana Txileren ordezkaria izan zen Oscar sarietan, eta 58 urte bete berritan eta bikotearengandik banatu ostean, etapa berri bat abiatuko duen Gloriaren historia kontatuko du. Zikloa, azkenik, Pedro Almodóvarren Todo sobre mi madre 1999ko melodramak itxiko du, martxoaren 19an Iturraman eta apirilaren 6an Sanduzelain.
Informazio osagarridun liburuxka ikusteko zein sarrerak eskuratzeko, Iruña Kultura Da atari digitalean sar zaitezkete.