Donostia Zinemaldiaren 68. Edizioan erdietsitako ikusmira zein arrakasta eta gero, datorren otsailaren 26an estreinatuko dute Non dago Mikel? film dokumentala. Amaia Merinok eta Miguel Ángel Llamas “Pituk” zuzendu dute proiektua.

Guardia zibilak atxilotu ondoren, 1985eko abenduan hilda agertu zen Mikel Zabalza autobus-gidariaren desagerpenaren kronika da.  Zabalza desagertuta egon zen 20 egun horietan, bertsio ofizialak eragindako mesfidantzak bultzatuta jokatu zuen euskal gizarteak, eta gizon gaztearen gorpua azkenean Bidasoa ibaian flotatzen agertu zenean, protesta ugari egin eta eztanda sozial handiak egon ziren.

Zabalza torturatuta hil zela uste zuen jendeak oro har, baina inoiz ez zuten inor ez epaitu ez zigortu. 2020ko azaroan 35 urte bete dira Zabalza hil zenetik, eta bere familiak egia aldarrikatzen du oraindik. Izar Films ekoiztetxeak eta Ahotsa.info-k ekoiztutako filmak, garaiko artxiboko materiala eta hildakoaren familiaren eta kasuarekin zerikusia duten pertsonen testigantzak eskainiko dizkio publikoari.

(Ikusi hemen Izaskun Arandia ekoizleari egindako elkarrizketa)

Donostiako Zinemaldiaren 68. edizioko epaimahaiak Euskal Zinemaren Irizar Sariaren aipamen berezia eman zion filmari “Giza eskubideen urraketa beldurgarri eta errepikakorrak jasotzen dituen artxiboko irudien bidez egindako lanari esker ona adierazteko”. Gainera, duela gutxi, Bizkaiko Foru Aldundiak memoria historikoa jorratzen duten dokumentu-formatuko lanak saritzen dituen Lauaxeta 2020 saria jaso du, ikus-entzunezkoen kategorian.

0