Datorren martxoaren 8ko aldarrikapen egunaren harira, katalogoak bere gain hartzen dituen #EmakumeZinegileei omenaldia egingo die Filmazpit Elkarteak. Horretarako, doan eskainiko dizkie euskarazko azpitituluak dituzten emakume zinemagileen lanak ikastetxe eta erakundeei.
FILMAZPIT Zineuskadi elkarteak finantzatutako euskarazko azpitituludun zinema zabaltzeko programa da. Donostia Kulturak kudeatzen du, Donostiako Zinemaldia eta Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin.
Ekimenak, EAEko hainbat zinemaldi eta zirkuito alternatiboetan, jorratzen duten gaiagatik interesgarriak diren filmak hautatu, euskaraz azpititulatu eta katalogoan biltzen ditu. Ondoren, filmen katalogoa erabiltzaileen esku jartzen du kosturik gabe proiekzio ez komertzialak antolatu ditzaten. Hala, bertan topa ditzakegun film guztiak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin eskaintzen dira.
Bi atal bereizten ditu webguneak:
- FILMAZPIT katalogoa. Filmazpitek bertan agertzen diren filmen eskubideak ditu eta filma hauek eskuragarri daude emanaldi kulturalak antolatu nahi dituen ororentzat.
- Katalogotik kanpo dauden filmen azpitituluak. Filmazpit programan laguntzen duten hainbat eragileek azken urteotan euskaraz azpititulatu dituzten hainbat filmen azpitituluak erabiltzaileen eskura daude, baina Filmazpitek ez ditu bertan agertzen diren filmen eskubideak.
Nork programatu?
Erakundeei, udaletxeei, kultur eragileei, irakaskuntza zentroei eta tankerako erakundeei eskaintzen zaie bilduma: . Filmen banatzaileekin hitzartutako akordioaren arabera, FILMAZPIT katalogo barruan dauden filmen emanaldi edo proiekzio publikoak irabazi-asmorik gabekoak izan beharko dute.
Martxoaren 8ko aldarrikapenaren harira, eskaintza berezia egin diete beren filmak proiektatu nahi dituzten horiei: doan eskainiko dituzte euskarazko azpitituluak dituzten emakume zinemagileen lanak.