Zuzendaria: Benjamin Ree
Urtea: 2020
Herrialdea: Norvegia

Gaizki hasten den orok ez du zertan gaizki amaitu. Are gehiago, gaizki hasten den hori 2020 filmik gogoangarrienetarikoa eta, zalantzarik gabe, 2021ean espero genezakeen estreinaldirik kitzikagarrienetarikoa izaten amaitu daiteke.

The Painter and the Thief (2020) lapurreta batekin hasten da. Bi gizonek Osloko galeria batetik ostu egiten dituzte Barbora Kysilkova margolari txekiar errealistaren bi pintura. Poliziak lapurrak azkar identifikatzen baditu ere, margolanak guztiz desagertu direla dirudi. Hala, epaiketaren egunean, Karl-Bertil Nordland  izeneko auzipetuari gerturatzen zaio Barbora, eta haren erretratua margotzeko eskaintzen du bere burua.

Horrelaxe abiatzen da margolariaren eta lapurraren arteko laguntasun bitxia, elkarbanatzen dituzten itzalen eta zaurgarritasunaren harira. Ikuslea bezain beste elkar txunditzen dute Barborak eta Bertilek, sinbiosiaren sinbiosiaz ia banpirikoa izatera ailegatzen den harreman estua sortuz.

Sinbiosi horretan, hain zuzen ere, rolak elkarrekin aldatzen dituzte. Bere burua zaintzeko zailtasunak dituen lagunaren aurrean, haren ezbeharrekin tematzen da Barbora: lapur bihurtzen da Bertilen mina inspirazio iturri gisa erabiltzen duen heinean, haren sufrimendua bere egin eta hura estetizatzeko nahiak bultzatuta. Bertilek ere margolariaren kutsua hartzen amaitzen du, bere begirada erneak Barborara erretratatzen duenean. Bera da lagunak beharrezkoa duen katarsiaren autorea.

Dokumentalak hain ondo funtzionatzen badu lapurra lapurra baino askoz gehiago dela eta margolaria margolaria izatetik haratago ere badela erakusten duelako da. Ikusle bezala Benjamin Reeren kameraren samurtasuna eskertzea baino ezin dugu egin, Barbora eta Bertilen laguntasunaren konplize egiten gaituena haien besarkada luzeak eta kidetasun hitz goxoak oztopatu gabe.

Izan ere, filmaren konplexutasuna ez dator bakarrik protagonisten sentimenduen sakontasunetik edo sinesgaitza dirudien istorio korapilatsutik. Une oro koherentzia handia mantentzen duten irudien atzean igarri daitekeen grabazio zein muntaketa lana itzela da. Harreman berezi hau ulertzeko beharrezkoa egiten da erretratu marrazki konposatzea: ordena kronologikoa gordetzen ez duena, kontalaria aldatzen duena eta iturri ezberdinetako irudiak biltzen dituena.

Kohesio nahia hain da nabarmena eta ondo lortua non zaila den ezartzen fikzio edo dokumental baten aurrean gauden. Online ospatu zen Atlàntida Film Fest jaialdiaren programazioaren baitan filma lehen aldiz ikusi nuenean, neronek asaldatuta gelditu behar izan nuen filma eta, aurrera jarraitu baino lehenago, Interneten egiaztatu fikziotik ezer ez zeukala Barbora eta Bertilen istorioak.

Barboraren margolanek bezalaxe, ukitu ilun eta makabroa badu filmak, bi gizakume minduen erretratu fidela. Gertutik begiratuz gero, baditu ere tentuz eta samurtasunez emandako pintzelada finak, noski. Orotara, begirada aldentzea oso zaila egiten duen energia hipnotiko berezia gailentzen da dokumentalean zehar, hein handi batean, bi protagonisten izaerari dariona.

The Painter and Thief sekulako lan ederra da, behin eta berriz ikusteko modukoa. Badu, gainera, ahazten zaila den eszena hunkigarria, Bertilek bere erretratua lehen aldiz ikusten duenekoa.  “Crime pays” dio Bertilen elastikoren batek. Nik, filma ikusi ondoren, arrazoi borobila eman behar zaiola deritzot. Krimenak ordaintzen du, bai, bizitza aldatu diezazuken modu samurrenean gainera.