Herriko zinema areto bakarra geldi dagoenez, ondarrutarrek ezin dute egun zinemaz pantaila handian gozatu. Hala, egoera horren aurrean, herrian eta haurrengan zinemazaletasuna bultzatzeko asmoz, Zeta Zine Kluba sortu dute bost auzotarrek, eta hilean bi emanaldi eskaintzeko konpromisoa hartu dute, bata helduentzat eta bestea haurrentzat.

Urte luzez zinema areto izandako Beikoiziniren jabeengana jo zuten Ondarroako bost lagunek Zeta izeneko zine klub berria martxan jartzeko asmoz. Bertako jabeek pozik hartu zuten proposamena, eta ekimenari ateak zabaldu zizkioten, sasoi batean erabiltzen zituzten sarrerak ere haien eskura jarriz. Herritarrei zinema pantaila handian ikusteko aukera bermatu nahi die proiektuak, eta lantaldea zabalik dago, interesa duen orok haiekin bat egin dezan. Horretarako, zetazineklubtaldea@gmail.com posta elektronikora idatzi besterik ez duzue.

Oraingoz hilean bi emanaldi egingo dituzte, bata helduentzat, eta beste haurrentzat. Atzo, igandea, zabaldu zuten denboraldia Andre Wood zinemagilearen Araña thriller politikoarekin, eta hilaren 21ean, igandea baita ere, Gazte harrigarria. T.S. Spivet (Jean-Pierre Jeunet, 2014) haurrentzako abenturazko lana izango da ikusgai euskaraz, 17:00etan Beikozinin. Sarrerak 2 euroan eskura daitezke aretoko leihatilan, eta gehienez 104 lagunentzako lekua izango da, osasun neurriak tarteko.

Ekimena aurrera ateratzeko, Udalaren babes ekonomikoa jaso dute, eta horri esker prest dute datozen hiletarako programazioa. Film ez komertzialak izango dira nagusi, nazioarteko jaialdietan arrakasta erdietsi dutenak, sariak eskuratu dituztenak ala kritika positiboak izandakoak denak. Estilo eta gai ezberdineko proposamenak lantzeko asmoa dute antolatzaileek, eta denboraldi berriari ekiteko gogoz dira. Zorte on ibilbide berrian!