Berri Txarrak taldearen Ikusi arte (1994-2019) biraren jarraipena egin duen Dardara filmak martxoaren 15ean ikusiko du argia, Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren baitan. Lau egun beranduago, martxoaren 19an, helduko da zinema-aretoetara.

2019a, bere 25 urteko ibilbidearen une gorenean, etenaldi mugagabe baten berri eman zuen Berri Txarrak taldeak. Horrekin batera, urte osoa iraungo zuen Ikusi Arte (1994-2019) agur bira iragarri zuten ere, zeinaren bitartez mundu osoko agertokietan arituko ziren azkenekoz. Marina Lameiro zinemagileak bertatik bertara jarraitu zuen bira, eta bertan jasotakoak aurkeztuko ditu Dardara film luzean.

Munduko hainbat tokitan bizi diren zaleen istorioetatik abiatuta, Lameirok erretratu koral bat egin du. Zale guzti horiek hari komun batek lotzen ditu: Berri Txarrak taldearen musikak. Filmean Lekunberriko musikariek utzitako arrastoa ikusiko dugu, estilo baten —rocka—, hizkuntza baten —euskara— eta belaunaldi baten —bere kideena—  mugez harago, fenomeno unibertsal bihurtzeraino egindako bidea.

25 urtean taldeko konposatzaile, gitarra-jole eta ahotsa izan ondoren, etorkizun ezezagun bati aurre egin behar dion Gorka Urbizuren letren eta gogoeten bidez egiten du aurrera dokumentalak. Pasioari buruzko filma da; bai Gorkak sortzaile gisa sentitzen duen zirrara horren, eta baita taldearen zaleek erakusten duten zirrara horren ingurukoa.

Hala, martxoaren 19ean estreinatuko den proposamenak hiru ardatz nagusi ditu. Batetik, birako zuzenekoen irudiak, beti ere, plano ikusgarrietatik aldenduz eta entzuleen hurbileko planoei lehentasuna emanez, kontzertua nola bizi duten erakusteko. Bestetik, taldeak nazioartean zein Euskal Herrian dituen zenbait jarraitzaileren bizitzetan sartu-irtenak egin dituzte, doinu horiekiko duten pasioa ulertzen laguntzeko. Eta azkenik, Urbizuren eta taldekideen jarraipena egin du, eta lehenengoak taldea modu mugagabean uzteko hartutako erabakiaren atzean dauden zergatiak kontatu ditu. “Pelikulak sortzailearen, obraren eta publikoaren arteko harremana aztertzen du”, adierazi du Lameirok.

+1