Larunbatean, otsailak 6, beteko da urtebete Zaldibarko zabortegia erori zenetik, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak azpian harrapatuta. Urteurrenaren harria, Berria egunkariko multimedia ataleko Nagore Arin, Lara Madinabeitia eta Jon Ordoñez kideek Zaldibarko hondamendiaren arrakaletan barrena 25 minutuko dokumentala osatu dute.

Euskadi Irratiak eman zuen lehen albistearekin hasi eta Berria egunkariak hamar egun geroago kaleratu zuen garrailoari baten testigantzarekin amaitzen da Zaldibarko hondamendiaren arrakaletan barrena dokumental laburra. Erorketa gertatu eta ondorengo hamar egunetan jazotakoak bildu dituzte bertan Nahia Sololuze Alberto Sololuzeren alabaren, Oskar Morales Zaldibarko Eitzaga auzoko bizilagunaren eta Iñaki Petxarroman Berriako erredakzio zuzendaritzako editore eta ingurumen gaietan espezializatutako kazetariaren testigantzetatik abiatuta.

Zaldibarren eta Azpeitian egin dituzte grabaketak, eta nork bere ikuspuntutik kontatu ditu egun horietan bizitakoak. Nagore Arin eta Jon Ordoñez arduratu dira gidoiaz, Arin eta Lara Madinabeitia irudiaz, soinuaz eta edizioaz, eta Ordoñezek egin ditu produkzio lanak. “Gaia hain zabala izanik eta hain ondorio tragikoak izanik, hiru pertsona horien ahotik zer gertatu zen entzutea” du helburu ikus-entzunezkoak.

Era berean, urteurrenaren harira egunkaria argitaratzen ari den eskaintza informatiboaren parte da dokumentala, joan zen astean ere bertako lanen lekukotza zuzena eman baitzuten, izan ere, Sololuzeren gorpua abuztuan agertu zen arren, Joaquin Beltranena ez dute oraindik aurkitu.

Dokumentala atzo, otsailak 3, estreinatu zuten ETB1en, eta jada ikusgai da online.