Zinearen historia etengabea izeneko zikloaren bidez, mundu osoko orotariko sortzaileen proposamen deigarri bezain enblematikoak eskaintzen ditu Donostiako Tabakalerak 2019az geroztik, eta larunbateko saioan Josu Rekalderen Esther Ferrer. Hilos de tiempo dokumental berria proiektatuko dute, diziplinarteko artista donostiarraren obrari eskainitako lana.
Josu Rekalde artista, irakasle eta Esther Ferrer artistaren adiskide eta obran adituak osatu du performancaren maisuari buruzko dokumental homonimoa. 1937an jaio zen sortzaile laudatuak akzioaren artean eta performancean egindako lanetan jarri du fokua sorkuntzaren eta errealitatearen arteko muga lausoan eraikitako ikus-entzunezkoa garatzeko. Piezaren abiapuntuan Ferrerek 1978an Juan Hidalgo eta Walter Marchetti lankideekin batera, John Cage musikagileak Bolonian (Italia) antolatu zuen ekitaldi kolektiboaren testuinguruan, egin zuen ekintza berezia dago. Izan ere, El tren de John Cage. A la búsqueda del silencio perdido izenburupean, Boloniatik irten ziren hiru trenetan garatu zuten proiektua urte hartako ekainaren 26an, 27an eta 28an.
Ekintza hartatik abiatuta, bada, ikus-entzunezko sorkuntza (Begoña Vicariorekin), ikerketa eta dibulgazio zientifikoa (Raul Ibañez eta Marta Machoren laguntzarekin), eta kultur kudeaketa (Patxi Azpillagaren bidez) diziplinak uztartzen dituen dokumentala atondu du Rekaldek, Esther Ferreren figura eta ibilbidea aztertuz.
Proiektuak BBVA Fundazioaren eta Bilboko Arte Ederren Museoaren MULTIVERSO beka jaso zuen 2018ko deialdian, eta 71 minutuko pieza iragan Zinebi jaialdian izan zen ikusgai, Bilbon. Oraingoan Donostian egingo du geldialdia, larunbatean, Tabakalerako zinema aretoan. 19:00etan izango da proiekzioa, 3,5 euroan, eta sarrera aldez aurretik hartu behar da. Zinearen historia etengabea Fokuaren baitan egingo dute emanaldia; Luis López Carrasco, Bette Gordon eta Andrés Daniel Sainz sortzaileen proposamenak izan dira ikusgai azken hiru emanaldietan.
Informazio gehiago eta sarrerak, Tabakaleraren webgunean.