Orain arte El Txef A ezizenarekin jardun duen Aitor Etxebarria musikagile gernikarrari buruzko dokumentala osatzen ari da Hannot Mintegia sortzailea. Urtarrilean Miarritzen egin zuten FIPADOC Nazioarteko Dokumentalen Jaialdiko industriari lotutako jardueretan hartu zuen parte postprodukzio fasean dagoen Itxaroten Jakin lanak, eta ordutik crowdfunding kanpaina dute zabalik postprodukzio lanak finantzatzeko. Hona elkarrizketaren bigarren zatia.

“Hannotek urteak egin ditu nire birak eta sortze-prozesuak munduan zehar grabatzen. Berlinen, Mexikon, Londresen, AEBtan… Nire atzean ala alboan egon da beti bere kamerarekin, ni ia ohartu gabe. Ez dut ikusten inor hoberik niri azaltzea kostatzen zaizkidan sortze-prozesuak erakusteko”, kontatu digu Etxebarriak. Mintegiaren ikuspuntu berezitik aktibo dagoen sortzaile baten gaineko begirada eskainiko du garatzen ari diren ikus-entzunezkoak.

Mintegiak, bere aldetik, lagunaren ezohiko izarea azpimarratu digu, haren hitzetan, dokumentalak argi erakutsiko duena. Aitor nora joaten den, zein jenderekin, harreman horiek urteetan nola mantentzen dituen… Musikagilearen ekosistema bitxiak haren nortasuna definitzeko balio duelakoan dago. Azpimarratzekoa da, gainera, Evelyn Glenny bezalako goi mailako artisten parte-hartzea duela dokumentalak.