Zinemagile bilbotarraren proposamen berria, El cuarto pasajero luzea, zazpi astez errodatuko dute Euskal Herrian, Errioxan eta Madrilen, eta joan zen astetik Bizkaiko hiriburuan dago komedia erromantikoa garatzen ari den lantaldea. Blanca Suarez, Alberto San Juan, Ernesto Alterio eta Ruben Cortada dira protagonistak, eta road movie formatua izango du.

Bilboko zinemagile ospetsuak autoa partekatzeko aplikazio baten bidez bidaia egingo duten lau lagunen abentura kontatuko du. Alberto San Juan aktoreak antzeztutako 50 urteko Julian dibortziatua izango da gidaria, eta sekretuan maite duen Lorena (Blanca Suarez) ohiko bidaiarengana joango da lehenik. Ibilbidean zehar egia aitortzeko asmoa du, baina bidaide izango dituzten beste bi gizonezkoek asmoak zapuztuko dizkiote, baita bidaia hankaz gora jarri ere.

Urtarrilaren hondarretan hasi zuten errodajea Bilbo erdiguneko kaleetan, eta datozen asteetan Errixoako eta Madrilgo lokalizazioetan ere izango dira. Jorge Guerricaechevarria ohiko lankide eta lagunarekin batera sortu du gidoia De la Iglesiak, Pokeepsie Films eta Telecinco Cinema arduratu dira ekoizpenaz, eta Sony Pictures banatzaileak eramango du filma aretoetara.

30 urte igaro dira zuzendariak bere opera prima, Acción Mutante, sorterrian errodatu zuenetik, eta proiektu berrirako ezin hobeto ezagutzen duen hirira itzuli da. Filmaketagatik Gran Via inguruko hainbat kale itxi behar izan dituzte egunotan, eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak ere bisita egin dio lantaldeari. Filmak De la Iglesiaren ohiko kutsu zirraragarria izango duela aurreratu dute.