Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak elkarlanean antolatutako aurtengo Nosferatu zikloa Luis Buñuel zinemagile aragoiarrari eskaini diote, eta honi lotutako argitalpenetan lehena, gaztelaniazkoa, aurkeztu dute gaur, otsailak 2, Donostiako Tabakaleran lanaren koordinazioaz arduratu diren Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak eta Jesus Angulo kritikariak. Euskarazko jatorrizko obra Harkaitz Cano idazlea prestatzen ari da.
Urtarrilean abiatu zuten Aragoiko jenioari eskainitako Nosferatu zikloa Un perro andaluz (1929) eta La edad de oro (1930) filmen emanaldiekin, eta proiekzioak datozen hiletan luzatuko badira ere, jada argitaratu dute zuzendariaren sorkuntzari buruzko lehen liburua, Buñuel ongi ezagutzen zuten adituen hemezortzi artikulu biltzen dituen 300 orrialdeko argitalpena. Sortzailearen inguruko ikuspegi ugari eskaintzen ditu, akademia-munduaren eta zinemazaleen interesa asetzeko.
“Buñuelen lana uharte bat da, zaila da etiketatzea, baina paradoxikoki, erraz igar daiteke”, adierazi dute Fernandez eta Angulok lanaren sarreran. Buñuelen ikasle onenetakoa izan zen Carlos Saura zinemagileak ere bi ekarpen egin dizkio obrari: batetik, berak egindakoa da liburuaren azaleko argazkia, eta bestetik, 1983an hil ondoren, maisuari omenaldi gisa eskainitako argitaratu gabeko gutuna liburuaren hitzaurrean jartzeko baimena eman du.
Bada, liburuak hiru atal nagusi ditu:
- Lehena, Buñuel cronológico: sortzailearen bizitza eta lanari buruzko ibilbide diakronikoa da, eta trebakuntza urteak, Filmofonoko ekoiztetxearen garaia, II. Errepublikako urteak, AEBetan egindako egonaldi frustragarria zein Mexikoko oparoaldia gogoratu dituzte bertan.
- Bigarrena, Buñuel transversal: zinemagilearen ohiko gaien eta eraginen inguruko errepasoa egiten du, eta besteak beste, melodramak, Benito Perez Galdosen lanen egokitzapenak, bere zineman emakumeek izandako papera eta agertokien erabilera izan dituzte aztergai.
- Azkena, Testimonios sobre Buñuel: artistaren inguruko testigantzak, tartean, Carlos Boyeroren kritika bat eta Angela Molinari egindako elkarrizketa.
Lana laster helduko da liburu dendetara, eta Tabakalerako bonua erosten dutenek doan eskuratuko dute. Euskarazko jatorrizko obra, ostera, Harkaitz Cano idazlea prestatzen ari da, eta Buñuelen inguruko “ariketa literario libre eta jostaria” izango da. 2021ean zehar kaleratuko dute artistaren surrealismoan murgilduko den sormen-lana.