Txintxua Films ekoiztetxeak ETBrentzat sortutako Hondar Ahoak telesail errebelazioari eman diote 2021eko ikus-entzunezko Argia Saria. Koldo Almandoz zuzendariak eta Marian Fernandez ekoizleak jaso dute, talde-osoaren izenean.

“Lehenago ere esana dugu ARGIAn, aurtengo ikus-entzunezkoen sariak inflexio-puntu bat markatu du euskarazko telesailen historian. Lehen musika doinu eta irudietatik ikus-entzulea harrapatua geratzen da, sumatzen du datorrena ez dela ohikoa euskarazko telesailen sorkuntzan eta adi paratzen da aparailuaren aurrean, datorkionaren aurrean urduri ere bai akaso. Lehen kapituluak eman du ezustekoa, eta ondorengoek dotoreziaz eramaten dute aurrera ikus-entzulea, une bakoitzean hurrengoan zer gertatuko den asma ezinean”, azaldu dute aldizkariko kideek. Horregatik guztiagatik, Hondar Ahoak telesailari eskaini diote 2021eko ikus-entzunezko saria.

Telesaila Koldo Almandoz gidoilari eta zuzendariaren lan originala da, eta ikasturte berria hastearekin batera estreinatu zuten ETBren euskarazko katean. Abuztuan burutu zuten errodajea Ondarroan eta, orotara, 4 atal izango zituela iragarri zuten orduan.

Bada, thriller generoan eta zinema beltzean ohikoak diren elementuak biltzen dituen intrigazko istorioa aurkeztu zuen Almandozek. Trama nagusia euskal kostaldeko herri batean garatzen da, arrantza portu garrantzitsu baten inguruan. Fikzioa, itsasontzi baten patroiaren desagerpena ikertzea helburu duen polizia-inspektore baten etorrerarekin hasiko da. Kasu hauetan gertatzen den bezala, laster konturatuko da Nerea protagonista ezer ez dela hasiera batean dirudiena.

Nagore Aranburu eta Eneko Sagardoy izan ditu protagonista nagusiak. Lehenak polizia-inspektorearena egin du, bigarrenak, aldiz, bere laguntzailearena. Aktore zerrenda Iñaki Beraetxek, Sara Cozarrek, Ainhoa Artetxek, Iraia Eliasek eta, Omar Diop, Fanta Touty Diatta eta Ibou Sarr jatorri senegaldarreko aktore ez profesionalek osatu dute. Horiez gain, Joxean BengoetxeaMikel TelloAsier Hernandez eta Pako Revueltas aktoreek ere parte hartu dute.

Almandozen ohiko kolaboratzaileek osatu zuten lan-talde teknikoa: Javier Agirre izan da argazkilaritza zuzendaria, eta Alazne Ameztoy arduratu da zuzeneko soinuaz; arte zuzendari Zaloa Ziluaga aritu da; Marian Fernandezek ekoiztu du, eta bigarren unitatea Asier Altunaren esku egon da.

Koldo Almandoz zuzendariak eta Marian Fernandez ekoizleak jaso dute saria: