Otsailean hasi eta ekainera arte, lau emanaldi antolatuko ditu Mutrikuko Udalak hileko lehen igandetan. Gaurkotasunezko euskal filmei emango diete lehentasuna, eta Zabiel kultur etxean izango dira. Lehen emanaldia otsailaren 7an egingo dute, eta Pablo Agüeroren Akelarre izango da ikusgai.
Ikus-entzunezko euskal proposamen arrakastatsuak, baita bigarren mailan igarotzen diren filmak ere, herritarrengana hurbilduko dituen ekimena sustatu du Mutrikuko Udalak: hileko lehen igandetan euskal filmen emanaldiak antolatuko dituzte Zubiel kultur etxean, eta sarrerak hiru euroan eskuratu ahal izango dira. Osasun pandemiaren eraginez, ordutegiak, aretoen edukiera zein egutegia mugatuta egongo dira, eta era berean, azken orduko aldaketak jasan ditzakete. Horregatik, baldintza horiek guztiak kontuan hartuta, hainbat neurri hartzeko prest daudela iragarri dute, hala nola, sarrera guztiak agortuz gero, egun berean bigarren saio bat programatzea 17:00etan, edota proiekzio konkretuak bertan behera uztea.
Oraingoz otsailetik ekainera arteko emanaldiak iragarri dituzte, Donostia Zinemaldiaren iazko ediziotik zein zinema areto komertzialetatik jada igaro diren filmekin. Akelarre eta Ane, esaterako, Goya sarietarako hautagaiak dira hainbat kategoriatan, eta antzezlan izatetik pantaila handira igaro den Erlauntza eroak ere orotariko kritikak jaso ditu.
Egutegia:
- Otsailaren 7an, Pablo Agueroren Akelarre.
- Martxoaren 7an, David P. Sañudoren Ane.
- Maiatzaren 2an, Imanol Rayoren Hil kanpaiak.
- Ekainaren 6an, Mireia Gabilondoren Erlauntza.
Sarrerak gaurtik, urtarrilak 29, eskuragai daude udalaren webguneko Agenda atalean zein Entradium plataforman.