Nafarroako Filmotekak Ezinbesteko Zinema zikloaren bigarren saio bat egingo du gaur, hilak 27, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Errealismo poetikoa deritzon korronte zinematografikoan kokatutako L’Atalante (Jean Vigo, 1934) filma izango da ikusgai.
Nafarroako Filmotekaren programazioan finkatutako zikloetako bat da Ezinbesteko Zinema izenaz ezagututakoa. Zinemaren historian arrasto gehien utzi dituzten filmak modu ordenatuan erreskatatzen ditu, ‘zazpigarren artea’ etiketaren merezimendua duten lanak erakusteko. Aurten, ordea, aldatu egin da hautatzeko ohiko formula, eta filmotekak berak proposatu beharrean, zinemazaleek bidali dituzte aretoan ikusi nahi zituzten filmak.
Iradokizun asko jaso dituzte arduradunek (200 bat titulu) eta, denak erakusteko aukera izango ez badute ere, adierazi dute baina ziklo honetan programatzen diren filmak zerrenda horretatik aterako dituztela.
Bada, duela 100 urte ekoitzitako lan batekin eman zioten hasiera joan den astean film ezinbestekoei emandako errepasoari: Der Müde tod / Las tres luces (1921). Bigarren lana, aldiz, gaur pantailaratuko dute, 19:30etik aurrera, Filmotekan bertan.
L’Atalante (Jean Vigo, 1934) errealismo poetikoa deritzon korronte zinematografikoaren barruan kokatzen da. Errealismo poetikoak, batez ere, gogo-aldartea ikusi eta erreproduzitzeko modu intimoa islatzen ditu. Errealitate hori biluzik ageri da, artifiziorik gabe, eta lirismo sakona eragitea lortzen du.
Jean eta Juliette ezkondu egingo dira eta L ‘Atalante ontzian ekingo diote eztei-bidaiari. Père Jules marinelarekin eta kabinero gazte batekin batera, senatik gertu dauden kanaletatik nabigatuko du bikoteak. Bidaia luze eta aspergarria izango da Julietterentzat, Argiaren Hiria ezagutu nahi baitu. Jeanek orduan bere emazte gaztearen nahia bete eta Parisera eramango du.