Lasarte-Oriako Okendo Zinema Taldeak euskal dokumentalei egingo die tartea otsaileko eta martxoko egitarauan: Lander Garroren Bi urte, lau hilabete eta egun bat, Bertha Gaztelumendiren Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa eta Miguel Angel Llamas eta Amaia Merinoren Non dago Mikel? proposamenak izango dira ikusgai, besteak beste, nazioartean sona handia izandako bi filmekin batera.

Lasarte-Oriako zinemazaleak Manuel Lekuona Kultur Etxean biltzen dira areto komertzialetara nekez heltzen diren ikus-entzunezkoez gozatzeko. 80ko hamarkadan jarri zuten martxan Okendo Zinema Taldearen proiektorea, eta hainbat urtez saiorik egin ez arren, gogotsu itzuli dira.

2021eko otsaileko eta martxoko programazioak iragarri berri dituzte orain, eta sei emanalditik lau euskal dokumentalei eskainiko dizkiote. Otsailaren 5ean, ostirala, Bertha Gaztelumendiren Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa proiektatuko dute, eta hurrengo egunean Lander Garroren Bi urte, lau hilabete eta egun bat lanaren txanda izango da. Saioak 19:00etan izango dira, eta sarrerak 5,5 euroan eskura daitezke. Otsaila ixteko, hilaren 19an, ostirala, Pablo Larrain zinemagile txiletarraren Ema berezia proiektatuko dute, Toronton eta Venezian nabarmendutako 2019ko izenburua.

Martxoaren 12ko emanaldian, halaber, Florian Zeller zuzendariaren The Father emango dute, Anthony Hopkins eta Olivia Colman protagonista. Eta euskal dokumentalekin jarraituz, martxoaren 26an eta 27an, ostirala eta larunbata, Non dago Mikel? (Miguel Angel Llamas eta Amaia Merino) eta zinemetara heldu berri den Caminho Longe (Josu Martinez eta Txaber Larreategi) eskainiko dituzte. Biak ala biak Donostia Zinemaldian izan ziren ikusgai iragan irailean, eta publikoaren zein kritikaren onespena eskuratu zituzten.

Informazio osagarria eta sarrerak Lasarte-Oriaren atarian topatuko dituzue.

0