Datozen asteetan ospatuko den Goya sariketan hautagai diren Ane (2020) eta Akelarre (2020) filmak ikusgai egongo dira berriro ere. Euskal zinemagintzak 2020 urtean emandako uzta onaren adibide dira bi lanak eta, lortutako hautagaitza ugariei esker, bigarren aukera izango dute zinema-aretoetan.
David Perez Sañudo bilbotarraren Ane (2020) lehen film luzeari dagokionez, Bilbon (Golem Alhondiga); Gasteizen, filmatu zen hirian, (Florida); Donostian (Antiguo Berri); eta, datorren ostiraletik aurrera, Iruñean (Golem Yamaguchi) egongo da ikusgai. Horrez gain, Madrilen eta Katalunian, Bartzelonan eta Lleidan programatuko dute ere.
Film onenaren, zuzendari onenaren (Perez Sañudo), emakumezko aktore protagonista onenaren (Patricia Lopez Arnaiz), emakumezko aktore berri onenaren (Jone Laspiur) eta gidoi egokitu onearen (Perez Sañudo bera eta Marina Pares) sariak irabazteko hautagai da lana, 2021eko martxoaren 6an ospatuko den Goya sarien banaketa ekitaldian. 68. Donostia Zinemaldian ere euskal film onenaren Irizar saria irabazi du lehenago.
Hauek dituzue zuzendariarekin egindako elkarrizketa, eta Ixone Santamaria kolaboratzaileak filmaren inguruan idatzitako kritika.
Pablo Agüeroren Akelarre (2020) pelikulari dagokionez, Bilbon (Golem Alhondiga), Barakaldon (Yelmo Megapark), Leioan (Artea), Donostian (Antiguo Berri), Gasteizen (Boulevard, Gorbeia), Iruñean (Golem Yamaguchi) eta Uharten (Itaroa) egongo da ikusgai; baita Madrilen eta Bartzelonan ere.
Goya sariketari dagokionez, bederatzi hautagaitza eskuratu ditu filmak: emakumezko aktore protagonista (Amaia Aberasturi), jatorrizko musika (Aránzazu Calleja eta Maite Arroitajauregi Mursego), ekoizpen zuzendaritza (Guadalupe Balaguer), argazkilaritza zuzendaritza (Javier Agirre), zuzendaritza artistikoa (Mikel Serrano), jantzien diseinua (Nerea Torrijos), makillajea eta ile apainketa (Beata Wotjowicz, Ricardo Molina), soinua (Urko Garai, Josefina Rodriguez, Frédéric Hamelin, Leandro de Loredo) eta efektu bereziak (Mariano García Marty, Ana Rubio).
Segidan, Ixone Santamaria kritikariak idatzitakoak.