Frantziako Kultura Ministerioak Arte eta Letretako Ordenako zaldun izendatu du Jose Luis Rebordinos, Donostia Zinemaldiaren zuzendaria. Frantziako zinemagintzarekin eta, oro har, bertako kulturarekin izandako lotura eta hari egindako ekarpena aintzatesten du errekonozimenduak.
“Nire eta Zinemaldiaren ustean, Frantziako zinemagintza da munduko garrantzitsuenetako bat. Eskerrik asko sari honengatik. Izugarrizko ohorea da niretzat, eta berretsi nahi dut konprometiturik jarraitzen dudala ahalegin osoa egiteko Frantziako zinemagintzak erreferentziako zinema izaten jarrai dezan gure herrialdean”, adierazi du Rebordinosek, albistea jaso ostean zabaldutako adierazpenetan. Roselyne Bachelot-Narquin Frantziako kultura-ministroak gutun baten bidez jakinarazi dio Donostia Zinemaldiaren zuzendariari Frantziako Errepublikako Arte eta Letretako Ordenako zaldun izendatu dutela (chevalier de l’Ordre des Arts et des Lettres). Frantziako Kultura Ministerioak 1957tik ematen du ohorezko aintzatespen hori, eta Frantziako Errepublikako lau ministro-ordenen arteko kondekorazio nagusietako bat da.
Arteen edo literaturaren alorrean eginiko sorkuntzengatik bereizi diren pertsonak saritzen dira haren bidez, edota Frantzian zein mundu zabalean arteen eta letren distirari eginiko ekarpenagatik nabarmendu direnak. Ordena horrek hiru gradu ditu: zalduna, ofiziala eta komendadorea. Gutxienez hiru hamarkadako ibilbidea duten artista, idazle edo intelektualei ematen zaie zaldun gradua.
Frantziako kultura-ministroak Rebordinosi helarazitako eskutitzean nabarmendu duenez, azpimarratzekoak dira José Luis Rebordinosek ”kulturaren alde eginiko ekarpena eta izaniko konpromisoa”. Bestalde, Gautier Lekens Frantziaren Espainiako enbaxadako ministro kontseilariak eskerrak eman dizkio Rebordinosi, «bere ekintzekin kultura frantsesa proiektatzen» laguntzeagatik.