Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko jaialdiaren edizio berria martxoaren 15etik 20ra egingo dute, eta festibalaren hezkuntza programak soinuaren garrantzia izango du ardatz. Hala, haurrei zein helduei zuzendutako tailerrak eskainiko dituzte jaialdiko egoitza ezberdinetan, eta Susan Schupplik ikertzaile eta artistaren eta Andrew Bush paleoklimatologoaren hitzaldiez gozatzeko aukera izango da.

Dokumentalaren generoa publiko zabalari helaraztea eta ikus-entzunezkoekiko sentsibilizazioa eta lotura indartzea izaten ditu xede Punto de Vista dokumentalen jaialdiko hezkuntza programak, eta horretarako, adin guztietako herritarrei zuzendutako tailer, topaketa eta proiekzioak eskainiko dituzte beste urte batez jaialdiaren egitarauaren baitan. 15. edizio honetako ardatza, hain zuzen, soinua izango da, eta beronen lanketan diharduten hainbat profesional bilduko ditu zinemako musikaren bueltan.

Haurrei zuzendutako saioak bi izango dira:

  • Otsailaren 27an, larunbata, 10:00etatik 11:30era eta 12:00etatik 13:30era 7 eta 12 urte arteko haurrei zuzendutako Musikarako zinema tailerra eskainiko du Paula Olaz soinu banden konposatzaileak Civivox Condestablen. Modu didaktiko eta entretenigarri batean, animazio zinemarako musikaren konposaketaren mundura hurbilduko ditu parte hartzaileak. Izen-ematea Civivox sarearen bidez egin behar da, eta sei haurrentzako lekua izango da saioetako bakoitzean (guraso batez lagunduta joan beharko dira).
  • Martxoaren 6an, larunbata, 11:30etik 13:30era (7-9 urte arteko haurrentzat) eta 17:30etik eta 19:30era (10-12 urte arteko haurrentzat), Foley tailerra eskainiko dute Nerea Ganzarain eta Estibaliz Urresola Pixelatu kolektiboko kideek Civivox Condestablen. Aretoko efektuak nola sortzen diren erakutsiko diete bost bikote parte hartzaileei (haur bakoitza heldu batez lagunduta joan beharko da).

Helduentzako beste bi saio egingo dituzte:

  • Martxoaren 16an, asteartea, 11:00etan Xabier Erkizia musikari, ekoizle eta soinu artistak Belarriaren ez-fikzioak hitzaldia eskainiko du.
  • Martxoaren 16an, asteartea, 18:00etan, halaber, Ramon Andres poeta eta pentsalari nafarra batuko zaio Erkiziari, eta sorkuntza lanen diziplinartekotasuna izango dute hizpide.

Soinuari lotutako tailer eta hitzaldietatik harago, dena den, haurrentzako film laburren proiekzioak ere hartuko ditu aurtengo hezkuntza programak. Martxoaren 13an eta 20an, larunbatak biak, egingo dituzte Iruñeko Planetarioan eta Baluarten, hurrenez hurren, eta sarrerak laster jarriko dituzte salgai Planetarioaren eta Punto de Vista jaialdiaren webguneetan.

Horrez gain, otsailaren 18an eta 19an Nature Presents Itself mintzaldi berezia esakiniko dute Andrew Bust paleoklimatologoak eta Susan Schuppli artista eta ikertzaileak Huarteko Arte Garaikideko Zentroan. Bi saio egingo dituzte egun bakoitzean, goizez eta arratsaldez, eta izena emateko aukera dago astearteaz geroztik, 12-15 lagunentzako lekua egongo baita. Tailerraren helburua lege ordezkaritza gizaki ez diren eragileetara nola hedatu den azaltzea izango da.

Xehetasun gehiago Punto de Vista jaialdiaren atarian topatuko dituzue.