Pandemia iristearekin batera, apenas hilabete etxean sartuta generamanean, piztu egin zen zinema-aretoen krisialdiari buruzko kezka. Lehenagotik ere bazegoen errotua eztabaida, baina online eta estreinaldi tradizionalen arteko elkarbizitzan zuzenean eragin du, mundu osoan lau haizetara zabaldu ostean, industria etetea lortu duen COVID-19 birusak. Iragarritako heriotza bati eusten dioten azken erromantikoen kronika idazkian jaso nuen nola zinema aretoek ateak itxi behar izan zituzten, ekoizleek errodajeak bertan behera utzi, eta kaosa nagusitu zen. Aurreikusita zeuden estreinaldiak atzeratu eta etorkizunean sortu zitezkeen pilaketak ekiditeko Internetera jo zuten banatzaileek, streaming zerbitzuetara. Ordutik, zinema industria sostengatu duen kate edo egitura tradizionala hondoa jotzear dago, eta desastre katastrofikoa, gertatuz gero, atzera bueltarik gabekoa izan daiteke. Etxetik ez irtetera ohitu garen honetan, Internetek bereganatu egin du merkatua, eta zinema kontsumitzeko bide berriari oraindik ere tradizionalak eutsi nahi badio, aretoek ezinbestean behar dute haien biziraupena bermatuko duen bide-orri bat argitu, streaming plataformen hegemoniak ito ez ditzan.

Egoera honetan serio murgildu garenetik urtebete igarotzera doa, eta ez dirudi 2020ko martxoan azaldu zitzaigun panorama asko aldatu denik. Aretoak ireki zituzten udan, bai, baina batzuen zein besteen interes ekonomiko eta soziopolitikoak medio, bukaerarik aurreikusten ez zaion zurrunbiloak menderatu ditu. Pausu bat aurrera, bi atzera; pare bat eguneko ustezko berpiztea, hilabete luzeko adar-jotzea. ZINEAn irakurri berri dugu urte berria hastearekin batera, eta osasun krisiak eragindako neurri murriztaileen eta estreinaldi komertzialen faltaren eraginez, hainbat izan direla aldi baterako ixtea erabaki duten zinema areto komertzialak. Horien artean, Cinesa kateko EAEko aretoak izan dira, printzipioz, urtarrilaren 28ra arte jarduera etengo dutela iragarri dutenak.  Yelmo Cines enpresak bide berbera jarraitu du, eta antzeko egoeran da Donostiako Antiguo Berri ere. Albiste tristea da, oso. EAEko haur eta familia askok ezin izango dituzte istorio berriak ezagutu, elkarrekin barre, negar, edota arratsalde pasa egin. Zinema familiarra eta komertziala dira Cinesaren eskaintza, eta horiek ikustera joango den ikus-entzule multzoa handia izango dela jakitun, diru-sarrerak barra-barra eskuratuko dituzten pelikulak programatzen dituzte bertan. Negozioari, baina, ateak ixtea dagokio orain, edukieraren murrizketak zein nazioarteko film handien estreinaldien gabeziak herritarrak etxean geratzera eraman baititu.

Nork sinistuko liguke orain dela zenbait urte, esango bagenu, mundua aldrebestuko duen pandemia batean, zailtasunekin baina duintasunez, bizirauten ari diren areto ia bakarrak autore zinema eskaintzen ari direnak izango liratekeela? Bai, hilzorian hamarkadak daramatzaten horiexek. Era batean edo bestean, duten aukera aprobetxatzea interesgarria litzateke, ohiko mahai-inguru, aurkezpen edota solasaldiez gain. Beraien zerbitzua birplanteatu eta herritarrak aretoetara gerturatzeko esperientzia erakargarri egin. Izan ere, aurrez aurreko eskaintza berrizteko saio asko egin dituzte kate komertzial boteretsuek, eta behin-behinean pertsiana jaitsi badute ere, filmen kalitatean baino, horiek ikusteko esperientziaren alde egin eta aurre hartu diete egitarau alternatiboa eskaintzen duten aretoei: catering eta taberna zerbitzuak, txikiparkak, 3D teknologia, eserleku oso erosoak, filmak birsortzen dituen munduan bete-betean murgiltzeko euri, haize, inpaktu, mugimendu, usain, laino edo argi efektu sentsorialak sortzeko gai den 4DX esperientzia… Pentsa zerekin lehiatu behar duten.

Azken urte hauetan, aldiz, bada nabarmendu den joera berezi bat ere, neuri pertsonalki oso interesgarria iruditzen zaidana, eta harrera ona izaten ari dena zinemazaleen artean. Zuzeneko musikak lagundutako emanaldiena hain zuzen ere. Filmek pisuzko bi materia dituzte: batetik irudia, bestetik, soinua. Zinema profesionalizatu zenetik elkarturik jaso ditugu oihal zurian proiektatuta, baina hori ez da beti horrela izan. 1905 eta 1907 urte bitartean, apurka-apurka film labur asko ekoizteari ekin zieten zinegileek, eta denak programatu ahal izateko Europa eta AEBetako hiri handietako zonalde industrialetan ugarituz joan ziren aretoak. Nickelodeons garaia izenez ezagutuko dira urte horiek, nickel baten truke dozena bat lan ikustea ahalbidetzen zuten sortu berriak ziren oraindik ekoizpen-etxe izatera ere iristen ez ziren konpainiek, eta ordubeteko saioa eramangarri izateko zuzeneko musika konposaketek girotzen zituzten film mutu haiek. Piano aurrean eseri eta irudiak agertu ahala inprobisatzen zuen musikari bat zuten kontratatuta. Hura bai espektakulua! Gerora Hollywood egituratuko zuten Warner anaiek, Universal etxearen fundatzaile izango zen Carl Laemmlek edota Louis B. Mayerrek aretxo txiki horietan hasi zuten beraien ibilbidea.

Bada, mendea baino gehiago pasa da ordutik, eta nolabaiteko salbazioa iraganean dagoela esatera ausar naiteke. Zinemaren historiako film klasikoak berreskuratuz ari dira hainbat erakunde aretoetara jendea erakartzeko saiakerak egiten:

  • Fritz Langek zuzendutako Metropolis (1927) filma berpiztu zuten 2020ko urtarrilaren 3an Bilboko Campos Eliseos Antzokian. Madrilgo Café Kino elkartearekin lankidetzan, zinema espresionistak eman duen pelikula handienetako bat pantailaratu zuten Manuel Morales musikariak konposatutako zuzeneko musika elektronikoa bidelagun.
  • Beste horrenbeste egin nahi izan zuten apirilean, baina koronabirusaren agerpenak bertan behera utzi zuen Sergei M. Eisenstein Battleship Potemkin (1925) maisulanaren emanaldia. Raisa taldearen eta Xisco Rojo gitarra jotzailearen rock psikodelikoko soinu banda zinema mutuko filma esanguratsuenaren proiekzioarekin elkartzea zuten aurreikusita.
  • 2017ko martxoaren 29an W.F. Murnauk zuzendutako Nosferatu (1922) lanarekin ere hala egin zuten.
  • Martxoaren 5ean Donostian eta 6an Bilbon, Fritz Lang zinemagilearen 1931ko Frau im Mond mutua, Covid19aren pandemia tarteko, iazko ziklotik atzeratu eta aurten berreskuratuko dutena. Javier Perez de Azpeitia piano-joleak zuzenean girotuko du saioa, eta Ane Sarasola fisikariak hartuko du parte aurkezpenean eta solasaldian.
  • Rock instrumentala egiten duen Toundra musika talde madrildarrak Das Cabinet des Dr. Caligari (Robert Wiene, 1977) filmaren zuzeneko soinu banda eskaini ebhar zuen urtarrilaren 10ean Bilboko Arriaga Antzokian, baina Filomena denboraleak behartuta 2020ko azarora atzeratu dute.
  • Eta beharbada pixka bat bereziena, eta gauzatzen zailena: Alfred Hitchcock zinegile britainiarraren Vertigo (1958) pantaila handian eta zuzeneko musikarekin ikusteko aukera egon zen 2020ko otsailaren 20an, Bilboko Arriaga Antzokian.

Nabarituko zenuten Weimarko Errepublika garaian loratu zen espresionismo alemaniar mugimenduko filmak direnak gehienak. Kuriosoa da. Hala ere, hona nire galdera: posible izango litzateke Vertigo-ren eredua jarraituz zinema mutu garaikoak ez diren filmen zuzeneko interpretazioa eskaintzea, hau da, gaur egungo estreinaldiekin esperientzia berbera planteatzea?