2021eko sari-banaketa denboraldia hasi da dagoeneko, eta nola gainera. Urtarrilaren 16an, larunbata, banatu dituzte Forqué Sariak, Madrilen, eta euskal aktoreak izan dira 26. edizioko protagonista nagusiak. EGEDAk Ane filmean parte hartu duen Patricia López Arnaiz izendatu du emakumezko aktore onena; Elena Iruretari, berriz, Patria telesailean egindako lana goraipatu diote.
Balore tekniko eta artistiko esanguratsuenak dituzten filmak errekonozitzeko eta Espainiako ikus-entzunezkoak ezagutarazteko helburua dute Forqué sariek, eta pandemia garaiko lehenak izan diren hauek euskal aktoreen loraldia baieztatu dute. Ikus-entzunezko Ekoizleen Eskubideak Kudeatzeko Erakundeak David P. Sañudok zuzendutako Ane filmean parte hartu duen Patricia López Arnaiz gasteiztarra eta Elena Irureta zumaiarra aukeratu zituen iragan larunbatean 2020ko emakumezko aktore onenak, film luzeen eta telesailen ataletan hurrenez hurren.
Batak zein besteak biziki eskertuta jaso zuten garaikurra IFEMA jauregiko antzokian, baina bereziki hunkigarria izan zen Fernando Aranburu idazlearen izen bereko eleberrian oinarritutako Patria lanean parte hartu duen Iruretaren esker-tartea. Aitor Gabilondok sortutako fikziozko telesailean protagonista-kide izan duen Ane Gabarain donostiarra taula-gainera gonbidatu zuen saria partekatzeko asmoz. Ibilbide luzeko bi aktore izanik, ekitaldia zuzenean jarraitu zuten gainontzeko profesionalek zutik txalokatu zituzten.
Pilar Palomero zinegileak zuzendu eta idatzitak Las niñas fikziozko lehen lan luzeak jaso du fikziozko film luze onenaren saria, eta Luis López Carrascoren El año del descubrimiento dokumentala izendatu dute bere saileko obra onena. Telesailei dagokienez, bestalde, Rodrigo Sorogoyenek eta Isabel Peñak idatzitako Antidisturbios izan da garaile. Bertan parte hartu duen Hovik Keuchkeriani eman diote saileko gizonezko aktore onenaren saria, eta Javier Camarari Sentimetnal (Cesc Gay) filmean egindako lana aitortu diote.
COVID-19ak baldintzatuta, neurri zorrotzekin ospatu dituzte José María Forqué sariak. Musukoa uneoro jantzita, eta segurtasun-tartea mantenduta, Aitana Sánchez-Gijón eta Miguel Ángel Muñoz aurkezleek gidatu dute gala. Osasun-langileei eta koronabirusari aurre egiteko lanean diharduten eragileei omenaldia sentikorra izan da, izan ere, sendagileek, irakasleek, poliziek, supermerkatuetako langileek eta garbitzaileek izan dute sarituei garaikurra emateko ohorea.
Ezagutu sari guztiak, hemen.