Osasun krisiak eragindako neurri murriztaileen eta estreinaldi komertzialen faltaren eraginez, hainbat izan dira aldi baterako ixtea erabaki duten zinema areto komertzialak. Horietan azken, Cinesa kateko EAEko aretoak izan da, printzipioz, urtarrilaren 28ra arte jarduera etengo duela iragarri baitzuten aste hasieran.

Zinema aretoentzat garai oparoa izaten da honakoa, euriak eta hotzak eraginda, ikus-entzule asko hurbiltzen baitira arratsalde tristeei erremedioa jartzera. Covid19-aren pandemiak, ostera, hori ere aldatu du, eta edukieraren murrizketak zein nazioarteko film handien estreinaldien gabeziak herritarrak etxean geratzera eraman ditu. Hala, Cinesa kateak Euskadin dituen aretoak aldi baterako itxiko dituela iragarri du, eta Urbil merkataritza guneko zortzi, Barakaldoko Max Ocio zentroko hamasei eta Deustuko Zubiarteko beste zortzi antzokiei eragingo die neurriak.

Etenaldia hiru astekoa izango da oraingoz, urtarrilaren 28ra arte, baina garaian garaiko datuen arabera, neurria luzatzeko aukera ere aztertuko dute.

Egoera berean da Donostiako Antiguo Berri zinemetan ere. Pandemiak eragindako hiru hilabeteko itxialdiaren ostean, urrian zabaldu zituen ateak, baina azaroan, ikusle datu kaskarren eraginez, baldintzak hobetu arte ixtea erabaki zuen aretoaren kudeaketaz arduratzen den SADE etxeak. Eta orain, Gabonetako oparoaldia igarota (Wonder Woman 1984 eta The Croods 2 bezalako estreinaldi komertzialen ondoren), emaitzak aztertuko dituztela iragarri du Iñaki Elorza enpresako zinema unitateko zuzendariak. Izan ere, Donostian dituzten beste bi zinemetako hamabi aretoak martxan dituzte, “emaitzek hala bermatzen dutelako”, zinefiloentzako proposamenen eskaintza mantendu egin delako, neurri batean. Baina AEBtatik heldutako filmen gabeziak Antiguo Berriren eskaintza guztiz lermatu du.

Ikusi beharko da datozen hil hotzetan aretoek nola erantzungo dioten pandemiaren oldarraldiari, udaberrian berriz ere loratzeko.