Zuzendaria: Luis López Carrasco
Urtea: 2020
Herrialdea: Espainia
1992. urtea da. Bartzelonan, su olinpikoak argitzen ditu Montserrat Caballé eta Freddie Mercuryren ahotsak. Sevillan, Nazioarteko Erakusketak Amerika “deskubritu” zenetiko 500 urteak ospatzen ditu. Bitartean, foku mediatikotik urrun, 80ko hamarkadan abiatu zen industria-birmoldaketak ekarri behar zituen kaleratze masiboen aurkako protesten testuinguruan, Cartagenan kokatzen den Murtziako Parlamentu Erregionalak su hartzen du. Gertakaria hauspotu zuten baldintza anitzak berreskuratzeko eta ulertzeko nahian ondu egiten da El año del descubrimiento (2020) dokumentala, 200 minutuz ikuslea astintzen duen buru (aurpegi) askoko hidra.
Parlamentua kiskaltzeko jaurti ziren molotov koktelen haritik tiraka, bere sorterriko historia hurbilekoena birpentsatzeko saiakera abiatzen du Luis López Carrasco murtziarrak, zeinak harrituta onartzen baituen 1992ko otsailean jazotakoak dagoeneko ahaztuak izan direla dirudiela.
Cartagenako Tana izeneko tabernatik atera gabe, berrogei pertsonak baino gehiagok ematen dituzte aditzera haien testigantzak. Sindikalismoa, frankismoa, lan-baldintza kaxkarrak, auzoa, depresioa… garagardoa amaitzen ez den bitartean behintzat horiek denak izango dira hizpide. Tabernako giro informalak jorratzen diren auzien pisu dramatikoa arindu egiten du eta, aldi berean, ezaguna egiten zaigun kokapenak solasaren gurekiko gertutasuna azpimarratu baino ez du egiten.
Zer zerikusi dute Murtziako Parlamentuko sugarrek eta Matteo Salvinik? Zergatik hitz egin kutsaduraz edo frankismo garaiko erbesteratuez? Dokumentalak aurrera egin ahala, pertsona, gertakari eta pasadizoen mosaiko aberatsa moldatuz doa, gertakari historikoen azalpen aldebakarrekoari kontra egiten diona. Azken finean, ezin da 92. urtean Murtzian bizitakoa gertaera isolatua balitz bezala ulertu; baizik eta geurera ere ailegatzen den eta erro sistemikoa duen biolentzia gisa.
Zintaren arlorik formalenak ere berretsi egiten du azalpen eta bizipenen ugaritasunaren garrantzia. Zentzu horretan, dialogo luzeak eta gertuko plano itogarriak azpimarratu beharko genituzke, azken hauek, tabernaren dinamika kaotikoarekin bat egiten duten. Hala ere, elementu esanguratsuena pantaila une oro bitan banatzeko hautua da. Aldi berean bi irudi erabiltzeak, hitz egiten ari den pertsona inguruarekin lotzea ahalbidetzen du: izan platerak garbitu edo kañak zerbitzatzea. Era berean, hizlariaren hitzek solaskideengan eragiten duten erantzuna ere behatu daiteke, plano/kontraplano bateratu modukoa sortzen baita.
Pantaila zatitua 92ko gizartearen islatzat ere har daiteke: nazioartean saltzen zen herrialde aurrerakoi eta modernoaren irudiaren, eta egunerokotasunak gordetzen zuen errealitate malkartsuaren artekoa, hain zuzen ere. Azkeneko hori berreskuratzea du xedetzat López Carrascoren lanak, zatituta ere, atxikimendu indartsua sorrarazten duena.
Azaroan estreinatu zenetik, iruzkin zeharo positiboak baino ez ditu jaso dokumentalak. Izendapen ugarien artean, hainbat jaialditan saridun izatera heldu da ere, hala nola, Mar de Platan, Film Onena; Sevillako Jaialdian, Epaimahairen Saria eta Bogotako Zinema Jaialdian, Film Onenaren saria. Zoritxarrez, aretoetara ailegatzeko ibilbidea ez zaio hain erraza egin Los Hijos kolektiboko kidea den López Carrascoren filmari.
Euskal Herrian agerpena egin zuen aurreko larunbatean (urtarrilak 9), Donostiako Tabakaleran. Estatu mailan urteko izenburu ospatuenetariko bat bihurtzeko bide onean doa El año del descubrimiento (2020), beraz, adi ibili eta aukera izanez gero ez galdu zuzendari murtziarraren lan mardula.